euskal diaspora eta kultura
2012/01/26
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Heldu den larunbatean hasiko da Cannes-en Midem Azoka, eta aurten ere euskal musikak, diskoetxeek eta musikariek erakuslehioa izango dute bertan, Euskadiko Soinuak programaren eta Etxepare Institutuaren lankidetzarekin. Musika sektoreko profesionalen topagune garrantzitsua da azoka hau, eta Etxepare Institutuari eta Euskadiko Soinuak hedapen programari esker 9 enpresek ordezkariak bidaliko dituzte.
Cannes-etik Parisera egingo du jauzi Etxeparek, eta Expolangues azokan euskal kulturaren ordezkaritza hartuko du bere gain. Aurreko edizioetan HABEk eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak zuten ardura hori, baina aurten Etxepare Euskal Institutua bere baitan joango da Europako hizkuntz-azoka nagusienetakoa den honetara. Expolangues-en mundu osoko 80 hizkuntza baino gehiagok hartuko dute parte, eta 4 egunetan 22.000 bisitari inguru espero dituzte.
Etxepare Euskal Institutuak standa izango du azokan eta bertan euskarari buruzko informazioa eta euskara klaseak eskainiko ditu. Beste hizkuntzetara itzuli diren euskarazko liburuen katalogoa, liburuak, hiztegiak eta material didaktikoa eskuratu ahal izango dituzte bisitariek eta Euskara Mundiala kanpainan parte hartzeko aukera izango dute ere.
Hitzaldiak eta kontzertuak
Horrez gain, Etxeparek ekitaldi ezberdinak antolatu ditu azokaren programazioaren baitan. Otsailaren 3an, 11:30etan, "Euskal hizkuntza Frantzian" hitzaldia eskainiko du Argitxu Camus Etchecopar-ek. Sorbonne III Unibertsitatean euskara irakurlea da Camus. Ondoren, 19:00etan, Maddi Oihenart kantari zuberotarrak kontzertua emango du Sorbonne III Unibertsitatean, Jérémy Garat musikariarekin batera. Bukatzeko, otsailaren 4an Ur Apalategik hitzaldia emango du azokan, "Euskal literatura globalizazioaren garaian" izenburupean, 16:30etan.
Etxepareko ordezkaritzaren buru institutuko Euskararen sustapen eta hedapenerako zuzendaria, Mari Jose Olaziregi, izango da Parisen. Olaziregik bidaia Sorbonne III unibertsitateko Etudes Ibériques et Latino-Américaines (EILA) saileko buruekin elkartzeko baliatuko du, eta otsailaren 2an Etxeparek bertan duen euskara eta euskal kulturaren lektoradoaren azterketa egin eta etorkizuneko jarduerak zehaztuko dituzte. Arratsaldean, 14:30etan, euskal literaturari buruzko eskola bat emango du Olaziregik Sorbonne IIIan.
Hurrengo egunean, otsailaren 3an, Olaziregi Pariseko Cervantes Institutuko zuzendariarekin bilduko da, bi erakundeen artean lankidetza estutzeko eta otsailetik aurrera bertan eskainiko diren euskara eskolei buruz hitz egiteko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus