Donostia-San Sebastián. Bosgarren urtez jarraian, Udako Ikastaroek Excellence in Basque Studies prestakuntza ikastaroa eskainiko dute, Etxepare Euskal Institutuak eta EHUk lankidetzan antolatuta. Ikastaroaren helburua atzerriko unibertsitateetan Euskara eta Euskal kultura irakasteko prestakuntza eskaintzea da, eta aurten Mariasun Landa haur eta gazte literaturako idazle euskalduna omenduko du.
Etxeparek bertan parte hartu nahi dutenei laguntzeko beka batzuk jarri ditu eskuragarri, eta horiek eskuratzen dituztenek ikastaroaren matrikula ordaintzeko laguntza jasoko dute, kasu batzuetan osorik. Bekak eskuratzeko, jarri harremanetan Etxepare Euskal Institutuarekin, k-galartza@etxepare.eus e-postaren bitartez.
Excellence in Basque Studies V ikastaroa uztailaren 8tik 10era egingo da, Donostiako Miramar Jauregian. Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendaria Mari Jose Olaziregiren zuzendaritzapean egingo da ikastaroa eta Mariasun Landa idazlearen lana izango du ardatza.
Programak haur eta gazte literatura, genero ikasketak, irakurzaletasuna garai digitalean edo gizarte eleanitzek idazleari sortzen dizkioten erronkak izango ditu aipagai; besteak beste, Landak urtetan jorratu dituen atalak. Mintegi praktikoetan, bestalde, euskal sinbologiari, unibertsitatean euskara irakasterakoan sortzen diren zailtasunei aurre egiteko tresnei eta irakasteko erabilgarri izan daitezkeen denetariko baliabideei erreparatuko diete.
Uztailaren 9an, bestalde, publiko orokorrari zabalik izango den irakurketa literarioa izango da Donostiako Aquariumean, Mariasun Landarekin solasean izenburupean. Bertan Bernardo Atxaga, Juan Kruz Igerabide, Patxi Zubizarreta, Miren Agur Meabe, Miquel Desclot eta Fina Casadelrrey idazleek esku hartuko dute, zuzenean marrazkiak sortuko dituzten Antton Olariaga, Elena Odriozola eta Jokin Mitxelena ilustratzaileekin batera; Juantxo Zeberio musikaria lagun izango duten pianoan.
Ikastaroaren egitaraua, hemen.