euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kultur sorkuntza frankofonian hedatzeko plana aurkeztu du

2025/03/21

Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza "Ça colle au basque"ren aurkezpenean, alboetan dituela Ibone Bengoetxea  lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Ander Caballeko Kanpo Harremanen idazkari nagusia
Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza "Ça colle au basque"ren aurkezpenean, alboetan dituela Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Ander Caballeko Kanpo Harremanen idazkari nagusia

PUBLIZITATEA

Getaria, Gipuzkoa. Lau urterako plan bat da eta euskara eta euskal kultur sormena 321 milioi pertsona biltzen dituen mundu frantses hiztunera hurbiltzea du helburu. Asmoa, aliantzak gauzatzea da erakunde, kultur eragile eta elkarte profesionalekin, globalizatuz euskara eta euskal kultura sustatuz frankofoniaren unibertsoa osatzen duten hizkuntza eta nortasun anitzekin elkarrizketan. Orain arte Etxepareren proiektuek harremanak estutzea bilatzen zuten, sortzaileen eta kultura-eragileen arteko lankidetza indartzea, eremu kultural eta akademikoan hartu-emana bultzatzea, eta Euskadiren profila indartu eta kultura- eta sormen-sektorearentzat posizio on bat ezartzen laguntzea xede duten jarduerak sustatzea eskualde eta herrialde jakin batzuetan. Oraingoan, lurralde zehatz batetik haratago, bost kontinenteetan barrena zabaltzen den unibertso bati begiratzen dio, maila ezberdinetako aliantzak eta proiektu multilateralak gauzatzeko xedez.

Ça colle au basque (hitzez hitz “euskalduntasuna itsasten zait”) ekimena joan den asteazkenean aurkeztu zen Gipuzkoako Getarian, Hegoaldeko zein Iparraldeko profesionalak bildu zituen saio batean, partaide zirela Kanpo Ekintzaren eremuan, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiko eta Euskadiren Pariseko eta Bruselako Ordezkaritzetako arduradunak. Mintzatu ziren Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Maël Solen Picard Quebecek Bartzelonan duen Bulegoko zuzendaria, Yves Kordian Malandain Ballet Biarritzeko zuzendari ondokoa eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria.


"Ça colle au basque"ren aurkezpena eta lanaldia Getariako Zarautz Jauregian (bideoa Irekia)

Lau lan lerro

"Ça colle au basque" asteazkenean bertan egindako topaketa profesional batekin hasi zen. Ekimenak lau lan lerro izango ditu. Lehenengo eta behin, Etxepare Euskal Institutuak frankofoniaren eremuan jada bultzatzen dituen dinamika eta proiektuetan euskararen eta euskal sorkuntzaren presentzia sendotuko da, besteak beste, Québec en toutes lettres (Quebec, Kanada), Fest 'Arts (Libourne, Frantzia) edota Foire du Livre de Bruxelles (Brusela, Belgika) jaialdietan.

Bigarrenik, finantzaketa-ildo berriak bultzatuko dira, euskal sortzaile eta eragileek lurralde frankofonoetako erreferentziazko azoka, jaialdi eta ekitaldi kultural eta artistikoetan parte hartzea errazteko, baita haiek argitalpen-sisteman presentzia izatea bultzatzeko ere. Sustengatuko diren ekimen nabarmenen artean daude frankofoniaren eremuan gauzatuko diren euskal literaturako argitalpen-proiektuetarako finantzaketa-lerroa, edota arte eszenikoen azoketan parte hartzeko laguntza espezifikoak, hala nola Cinars Biennale (Montreal, Kanada) eta Rideau: L 'Association professionnelle des diffuseurs de spectacle (Quebec, Kanada). Gainera, atzerrian euskal literaturako itzultzaile sare bat sortzea helburu duen ‘Itzultzaile Berriak – Nouveaux Traducteurs’ proiektuaren edizio berri bat aurreikusten da 2026rako, kasu honetan frantseserako itzulpengintzari eskainia.

Hirugarrenik, indartu egingo da lankidetza Ipar Euskal Herriko eragile kultural eta instituzionalekin. Euskal kulturaren eta kultura frankofonoaren arteko zubi naturala dira, eta unibertso horretara sarbide bihurtzeko potentzial handia dute, errealitate linguistikoa eta egitura instituzionala partekatzen baitituzte. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da Etxepare Euskal Institutua Malandain Ballet Biarritzekin Maitaldia jaialdiaren baitan garatzen ari den proiektua, euskal ekoizpen eszenikoen emaitza mabarmenenak frankofoniaren unibertso osoko programatzaileei hurbiltzea xede.

Azkenik, Ça colle au basque ekimenari esker, Etxepare Euskal Institutuak, lantzen duen esparru akademikoa indartu nahi du, erreferentziazko unibertsitateetan euskara eta euskal ikasketak zabaltzeko aukera berriak sortuz. Institutua Sorbonne eta Sorbonne Nouvelle unibertsitateekin ari da lanean, azaroan, Parisen, frankofoniako testuinguru soziolinguistiko diglosikoetako itzulpenari buruzko kongresu bat antolatzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia