euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Etxepare, abiatzea kostatzen ari zaion institutua; egoitza eta aurrekontua baditu, errekurtso bat argitzeke

2010/01/15

Donostiako Prim kaleko eraikin hau prest dago Etxepare Institutua baitaratzeko, egokitze lanak eta gainerakoak amaituta (argazkia LuisMichelena-DV)
Donostiako Prim kaleko eraikin hau prest dago Etxepare Institutua baitaratzeko, egokitze lanak eta gainerakoak amaituta (argazkia LuisMichelena-DV)

PUBLIZITATEA

Zer gertatzen da Etxepare Institutuarekin? Galderak hor segitzen du, institutua ez baita oraindik abiatu. Euskal Herritik kanpo euskararen eta euskal kulturaren sustapenaren ardura hartzea helburu duen erakunde honen izena gastatua dago ia, baina erakundea berez ez da oraindik hasi. Nekez eman ditu sortu ahal izateko pausoak, aurrekontua badu, baita egoitza ere, baina 10 langile kontratatzeko emandako urratsak geldirik daude LAB sindikatuak ipinitako errekurtso bat erabaki artean. Ibilbidea orain artean aldapan gora izan badu ere, Kultura sailak pentsatzen du aurten urte erdialdean abiatu ahal izango duela Euskal Herritik kanpoko euskalgintzan, baina euskal kultur ekintzan oro har, giltzarri izango den baliabide hau.

Vitoria-Gasteiz. Egungo Jaurlaritzak aurrekoari gauzak korrika eta presaka egin izana leporatzen dio, "bestela ez baita ulertzen honelako errore eta akatsak" egin izana. Hamar langile kontratatzeko haiek hasitako prozedimentua errekurritu egin zuen LAB sindikatuak eta horren zain dago Kultura saila bere ardurapean kokatzen den institutua behingoz abian ipintzeko.

Miren Azkarate aurreko Kultura sailburuaren azkeneko hilabeteak ziren. Presak edo erraz ulertzen ez diren zergatiak medio, deialdiko lanpostuetan ahaztu egin zitzaien ingeles hizkuntzaren eskakizunak ipintzea, eta hori, deialdia presaz egin eta aste batzuk eta gero zuzendu behar izan zuten, presak alferrikakoak bihurtuz. Bigarren akats bat ere egin zuten, soldaten zenbatekoa ez baitzuten ongi ezarri, eta hori ere zuzendu behar izan baitzen, buletinean argitaratu ondoren.

Zein den egoera egun? Institutuak aurrekontua badu, baita behin-behineko egoitza ere [behin-betirakoa izango duen Tabakaleraren eraikin barneko egoitza bukatu arte, Donostiako Prim kalearen 7an egongo da, horretarako egokitze lanak bukatuta eta haltzariak ia sartzen ateetatik]. Langileak falta dira, hamar pertsonak kontratatzearena, LABek ipinitako errekurtsoaren emaitzen zain.

Eta zuzendaria izendatzea. Euskal kultur munduko pertsona bat izango dela pentsatzen da, gutxienez elebiduna. Institutuak, izan ere, Euskal Autonomi Erkidegoan euskaraz zein erdaraz egiten den kulturaren zabalkundea dauzka helburu eta lan esparru.

Gauzak honela, esku artean dauden datak, erakundea urte erdialderako abian jartzea lirateke, behin errekurtsoarena erabakita, zuzendaria izendaturik. Etxeparek hasieran bere gain hartuko dituenak, besteak beste: munduan ematen diren --gehienbat euskal etxeak bitarteko-- euskara eskolak koordinatzea, nazioartean hainbat unibertsitateetako euskara eta euskal kultura irakurletzak kudeatzea, nazioarteko kultur eta hizkuntz azoketan parte hartzea, Kimuak eta gisako proiektuekin aurrera egitea eta oro har nazioartean euskara eta euskal kultura --hau euskaraz zein gaztelaniaz egina-- sustatzea.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia