Irailaren 20an, Harriman State Park/Bear Mountain mendira joateko proposamena eskaini eta zien New Yorkeko Eusko Etxeak bere kideei. Trenez ordu bakarrera dagoen zonalde honek beste mundu bat ematen du, Sagar Handiko zeru-harraskariekin alderatuta: “Manhattanekin, kaosarekin eta presaz dabilen jendearekin batzen dugu New York askotan, baina inguruan natura asko dago”, esan dio Leyre Areizaga antolatzaileak EuskalKultura.com-i.
New York, AEB. New Yorkeko Euzko Etxeko zortzi kidek eskaintza onartu eta egin zuten mendi ibilaldia, Harriman State Park/Bear Mountain inguruan. Leyre Areizagak antolatu zuen plana eta, denek gozatzea zuenez helburu, bi zatitan banatu zuen mendi-martxa. Lehenbiziko ordu eta erdiaren ostean, hamaiketakoa hartzeko gelditu ziren. Horren ostean, Euskal Etxeko presidente den Iban Ubarretxena eta bere familia, bi ume txikiak tarteko, etxera joan ziren. Beren aldetik, gainontzeko laurek arratsaldeko lauak arte jarraitu zuten ibiltzen: “Ibilbidea ederra izan zen eta nahi bestetan gelditu ginen argazkiak egiteko”, esan du Areizagak.
Urtean lau irteera
Zarauztarra da Areizaga eta urte hasieran etorri zen New Yorkera bizitzera, atzean utzita Londres. Reuters enpresarentzat egiten du lan, Times Square-n bertan, megalopolisaren bihotzean. Hirira heldu zenean mendizale talde bila hasi zen eta, gerora, euskaldun askoren mendizaletasuna gogoan izanda, Euzko Etxeko kideei planak proposatzea pentsatu zuen.
Euskaldunekin, urtean lau irteera egitea gustatuko litzaioke. Lehenbizikora bi lagun batu zitzaizkion eta azken honetara zortzi joan ziren. Negurako, elur-erraketekin egiteko moduko bide bat nahi du bilatu, baina ez du oraindik prestatu: “Mapak erosi eta informazioa bilatu dut. Badakit jende guztia ez dela mendian aritua, horregatik gustatzen zait edonork egiteko moduko ibilaldiak prestatzea”, laburbildu du.