euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Balantze emankorra eskaini dezake Los Toldos-ko Euskal Etxe gazteak, antolatzen hasi eta urtebetera

2013/12/13

Los Toldoseko Gizataldeen Jaia abenduaren 1ean burutu zen (argazkiaEE)
Los Toldoseko Gizataldeen Jaia abenduaren 1ean burutu zen (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Oroimenez euskal etxeko lagunen eskutik, sanferminetako koloreak nabarmen nagusitu dira Los Toldosen egin berria den Gizataldeen Jaian. Izan ere, euskal etxeko kideak zuri eta gorriz jantzi ziren euren bizilagunei Euskal Herriko plater, dantza eta musika tipikoak aurkezteko. Jaialdia, gainera, baliagarria bilakatu zen euskararen berri emateko Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) tarteko. Euskaldunez gain, kolektibitate italiar, espainiar eta holandarra ere bildu ziren herriko Mitre kalean.

Los Toldos, Argentina. Urtebete joan da, 2012ko bukaera aldera Buenos Aires probintzia iparraldeko Los Toldos herriko euskaldun eta euskaldunen ondorengoak euren euskal etxea antolatzen hasi zirenetik. Oroimenez izena ipinita, urtarrilean ekingo zion euskal etxeak lanari eta hortik aurrera aktibitate ugari burutu ditu elkarteak, tartean Ane Egia andereño gipuzkoarrak ematen dituen euskara klaseak. Gogora dezagun, bestalde, ekainean FEVAko lehendakariaren bisita jaso zuela erakundeak eta azaroan Villa Mariako Euskal Aste Nazionalean hartu zutela parte etxeko kide batzuek.

Los Toldoseko gizataldeen jaia 2013 01

[Adin guztietako lagunek jantzi zituzten sanferminetako koloreak. Festaren baitan, txistorra dastatzeko eta Kepa Junkeraren musikarekin dantza egiteko aukera ere izan zuten (argazkiaEE)]

Gizataldeen ekitaldi honetan, ordea, herriko gainerako kolektibitateekin eta oro har Los Toldoseko herritarrekin batera ospatu zuten euskal etxekoek hisgtorian bertara bildutako biztanleen jatorria goratu eta gizarte osoaren aberasgarri aurkeztu nahi duen jaia. Eta honen baitan, euskal txosnan, etxeko txistorra (Leitzarango errezeta batekin egindakoa) eta marmitakoa (Donostiako erara prestatua) eskaini zituzten. Eta Euskararen Nazioarteko Eguna zela baliatuz, euskaraz presentzia berezia izan zuen, besteak beste Gabriel Arestiren ‘Nire Aitaren Etxea’ poema irakurri baitzuten euskara irakasleek.

Abenduaren 1ean zehar, mota askotako ekintzak burutu ziren jaialdian. Garrantzitsuenetako bat Gral. Viamonteko Gizataldeen Erreginaren hautaketa izan zen eta honetan ere gailendu ziren euskaldunak. Hautagai guztien artean, Korali Otermin Luberriaga, euskal standeko ‘kantiniersa’, 2013-14ko Erregina hautatu baitzuten.

Los Toldoseko gizataldeen jaia 2013 02

[Korali Otermin Luberriaga hautatu zuten momentuan (argazkiaEE)]

Los Toldoseko gizataldeen jaia 2013 03

[Eta euskal ikazkin famatu baten bisita ere jaso zuten euskaldunek, Los Toldos-ko euren stand-ean. Bistan da oso ondo portatu direla urtean zehar Olentzerok gozokiak baino ez baitzizkien banatu (argazkiaEE)]

Bukatzeko, Euskal Herrian abenduko eta Gabonetako ikurra den Olentzero ere agertu zen Los Toldosen. Euskaldunen ikazkin kuttunena, iaz bezala, aurten ere Buenos Aires probintziako herri honetara jaitsi zen euskal mendietatik, aukera emanez bertara hurbildu ziren haur eta nagusien aurrean Euskal Herriko eta Olentzeroren berri emateko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia