euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EEaren egoitza bukatzeko laguntza eta Euskadiko ordezkariaren bisita Saladilloko Itxaropen Euskal Etxean

2011/05/17

Saladilloko alkateak pontxo bat opari zion Elvira Kortajarenari (argazkia CN Saladilloko egunkaria)
Saladilloko alkateak pontxo bat opari zion Elvira Kortajarenari (argazkia CN Saladilloko egunkaria)

PUBLIZITATEA

Euskal Etxearen egoitza bukatzeko lanak bideratuta daude jadanik Saladillon. Alabaina, komunitatearen laguntza behar dute herri honetako euskaldunek eraikuntzaren bigarren zatia amaitu ahal izateko. Helburu horrekin, zozketak antolatu ditu euskal erakundeak. Ehun pesoko bonoak kaleratu ditu Itxaropen-ek eta bonoak erosten dituzten partaideek Euskal Herrira bidaiatzeko bi pertsonentzako txartelak irabazteko aukera izango dute. Helburu berarekin herriko udalak 20.000 pesoko dohaintza egin zion euskal etxeari Elvira Kortajarena Jaurlaritzaren Argentinako Ordezkaria bertan izan zen ekitaldi batean.

Saladillo, Argentina. Joan den astean, Buenos Aires probintziako Saladilloko Itxaropen Euskal eExeak ehun pesoko laguntzeko bonoak jarri zituen salgai. Bildutako diruarekin egoitzaren bigarren zatiko eraikuntza-lanak bukatuko dira. Dirua biltzeko proposamenaren bigarren bertsio honetan parte hartzen duten pertsona guztiak Euskal Herria 2012an bisitatzeko abenduaren 3an egingo den zozketa batean sartuko dira.

Bonoak ordainketa bakar baten bidez eros daitezke  -- era honetan egiten dutenek 1.000 peso irabazi ahal izango dituzte uztailaren 30ean egingo den beste zozketa batean -- edo epeka, sei hilabetez $20 pesona ordainduz. Nahi izanez gero, bidaiak balio duena, esku-dirutan kobratu ahal izango da (11.000 pesotan finkatu da prezioa).  

Bonoak erosi nahi dituztenek, e-mailez jarri behar dute kontaktuan euskal etxeko kideekin: itxaropena98@argentina.com helbide elektronikoan.

Elvira Kortajarenaren bisita

Beste alde batetik, joan den maiatzaren 10ean Itxaropen Euskal Etxeko kideek Elvira Kortajarena Euskadiren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko Ordezkariaren bisita jaso dute. Euskal Etxearen egoitza ezagutzean, goraipu hitzak baino ez ditu izan Kortajarenak. “Oso une egokia da hau euskal kultura zabaltzko, hizkuntza, sukaldaritza eta ohiturak, besteak beste. Hori da egin behar duguna eta gauzatzen ari diren hainbat proiektu bultzatuko ditugu”, azaldu zuen Lakuako Gobernuaren ordezkariak.

Euskal Etxean bertan antolatutako bileran, herriko alkate Carlos Antonio Gorositok ere hartu zuen parte. Testuinguru honetan, Saladilloko Udalak 20.000 pesoko dohaintza eskuratu zion euskal erakundeari. “Duela urte batzuk nire abizena euskalduna zela jakin nuen, Tolosakoa hain zuzen, eta oso pozik jartzen nau hemengo euskaldunak bildu izanak. Espero dugu gure diru-laguntza baliagarria izatea euskal etxearen egoitza bukatzeko, posible bada, urtea amaitu baino lehen”, adierazi zuen Gorositok.

Itxaropen-eko kideen izenean, erakundeko lehendakaria den Hector Eduardo Altamirak jaso zuen dohaintza. Zeremonia bukatzeko, Kortajarenak eta Saladilloko lagunek opariak trukatu zituzten elkarrekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia