euskal diaspora eta kultura
2013/06/21
PUBLIZITATEA
La Plata, Argentina. Lagun arteko afaria burutzeko aitzaki bikaina baino ez da. Baina hori ere helburu serioa da eta hala, serio, hartzen dute erronka parte hartzen dutenek eta garaiz eta behar bezala hasten dira prestatzen tresnak eta osagaiak iluntze aldera. Sukaldari eta laguntzaileak dira Euzko Etxea-ko Toki Alai aretora iristen diren lehenengoak eta gaueko 10ak pasata, gonbidatuak heltzen hasten direnean, dena dago prest.
Horrela izaten ohi dira La Platako Euzko Etxeak antolatutako Paella Lehiaketak eta horrela izan da joan den ekainaren 14an burutu dena. Nobedade txiki batekin. Euskal etxetik kanpoko talde bat ere ausartu da aurten, irisa/arroza osagai nagusia duen errezeta prestatzera eta dirudienez ondo samar gainera. Izan ere, Jorge Heguyk eta Mirentxu Sanchez Garciandiak osatutako epaimahaiak lehenengo saria –pintxoei buruzko liburu bat- eman zion.
[Atenas Klubak eta Liburutegiak egindako paellek eskuratu zituzten sariak. Irabazleak, ordea, guztiak izan ziren publikoak ontzat eman baitzuen sukaldari guztiek egindako lana (argazkiaEE)]
Bigarren saria -arraina eta itsaskiak prestatzeko liburu bat-, berriz, etxeko Matxin Burdin Liburutegiko sukaldarientzat izan zen. “Hala ere, bigarren maila batera igarotzen da sarien kontua jateko garaian. Alegia: aurkeztu ziren paella guztiak primeran zeuden eta denak ahitu genituen”, azpimarratu diote EuskalKultura.com-i euskal etxetik.
Ohi bezala, Hockey Taldeko nesken gurasoak arduratu ziren gozokiak eta kafea eskaintzeaz. Jaia berandu arte luzatu zen musika eta dantza artean.
Liburuaren Eguna
Ekainaren 14an baita ere, baina arratsaldean, beste ekitaldi bat burutu zen La Platako euskal etxean. Liburuaren Eguna kari, Roxana Aramburu eta Diana Amiama idazleek hitzaldia eskaini zuten Matxin Burdin Liburutegian, komunitateari zabalik.
Euskal jatorriko Roxana Aramburuk euskara eta Euskal Herriarekin duen harremanaz mintzatu zen. Matxin Burdin liburutegiko arduradun den Mª Fernanda Astigarragak azaltzen duenez, “Aramburuk lan bat dauka argitaratuta XIX. mendean argentinaratu behar izan zuen euskal gazte batek bere amarekin zuen harremana kontatzen duen istorioaz. Testu horrek aipamen berezi bat lortu zuen lehiaketa batean”.
[Liburuaren Eguna ospatzeko Roxana Aramburu eta Diana Amiama literatur idazleak gonbidatu zituen Matxin Burdin Liburutegiak (argazkiaEE)]
Hitzaldiaren bigarren zatian, Diana Amiamak idazteko prozesuari buruz hitz egin zuen. “Kasu honetan, idaztearen mito eta idazle baten pasadizoak ezagutu ahal izan genituen. Eta idaztea gustuko dutenentzat ere eman zituen aukera batzuk. Bere azalpena bukatzean oso elkarrizketa polita sortu zen publiko eta idazleen artean”, adierazi digu Astigarragak. Ekintzari bukaera emateko Roxana Aramburuk bi liburu eskuratu zizkion Susana Aramburu Matxin Burdin-eko liburuzainari.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus