euskal diaspora eta kultura
2013/07/24
PUBLIZITATEA
Andoain, Gipuzkoa. Gazte Alai talde argentinarreko dantzariak Andoaingo Gaztetxean dute ostatua egunotan, eta bertatik abiatzen dira Euskal Herriko hainbat herrietan emanaldiak egitera, leku berriak ezagutzera edo senitartekoak ikustera. Ondoren, Bergarara joango dira eta han izango dute egoitza bidaia amaitu arte, abuztuaren 11n.
Hator Hona programaren aurreko edizioetan Argentinan izandako lagunek bilatu dizkiete ostatu hauek, eta bidaiaren antolakuntza ere lagundu dute. Necochean izan zirenean hango familiek etxean hartu zituzten eta orain hango seme-alabak hemen abegikor hartu nahi dituzte. Hator Honako egonaldietan harreman oso estua sortu da hango eta hemengo gazteen artean, eta zubi horri esker Necocheako euskaldunek euskal kultura eta gizartearekin kontaktu bizi-bizia mantentzen dute.
Hil honetan, bi urtez aurreztu ostean, Necocheako gazteek bisita bueltatu diete, "hemengo lagun laguntzarekin", azaldu du Agostinik. "Necochean harrituta gaude Hator Honak izan duen arrakastarekin. Handik 60 bat gazte pasa dira, eta orain urte batzuk Gazte Alaiko 25 etorri ginen hona. Iaz gure gurasoak etorri ziren eta aurten 20 bat neska-mutil etorri gara".
Aurreneko Euskal Herrian
Argentinar gazte gehienentzat Euskal Herrira lehendabiziko bidaia da hau eta esperientzia zirraragarria da. "Bankan dantza egitera joan ginenean Urepeleko gazteek hartu gintuzten, hango antzinako baserri eder batean. Guretako asko zur eta lur ziren hura ikusita", azaldu du Marcialek.
Bankako (Nafarroa Beherea) emanaldiaren ostean, Irurtzun (Nafarroa), Tolosa eta Donostia (Gipuzkoa) izan ziren taldearen hurrengo hitzorduak. "Ikusle askorentzako Diasporako talde bat ikusten duten lehen aldia da eta asko harritu egiten dira gure mailarekin. Hemengo talde batzuekin dantzatu dugu, eta guretzako, nahiz eta interneti esker bideoak eta ikus ditzakegun, horiek zuzenean ikustea izugarria da", esan du gazteak.
[Gazte Alaiko dantzaria Tolosan egin zuten emanaldian (argazkia JIraola)]
Lagunekin elkartzea
Gazte askorentzat bidaia euren sustraiak topatzeko abagunea da; batzuk senitartekoak aurkitu dituzte, edo euren sendiaren sorterria edo etxea. Beste zenbait, Marcial, esaterako Euskal herrian izanak dira jadanik: Gazte Alaikoen aurreko bidaian parte hartu zuen berak, eta aurtengo otsailean barnetegi batean egon zen euskara ikasten.
"Taldeko bost lagun Euskara eta Euskal Kultur ikastaroa egiten ari gara La Platako Unibertsitatean, Idurre Lekuona irakaslearekin", azaldu du. Lekuona oreretarra da eta asteazkenean berarekin bildu ziren dantzariak, bidenabar Errenteriako Madalen jaietaz gozatzeko prest. Sanferminetan ere izan ziren, eta bidaian zehar makina bat parrande egiteko tartea aurkitzeko moldatu dira.
[Necocheako gazteak bandera argentinarrarekin Iruñean, 2013ko Sanferminei agur esaten (argazkia JIraola)]
"Guretzat bidaia hau lagunekin elkartzeko aukera da, Necochean izan zirenak berriz ikusteko aukera, leku berriak ezagutzeko, beste dantza talde batzuekin esperientziak partekatzeko...", azaldu du Marcialek. "Hator Honan izan ziren lagunak gure emanaldietara etortzen dira, ustekabean agertzen zaizkigu bisita egitea... Gros auzoko jaietan dantza egin genuenean, adibidez, jendartera begiratu eta aurpegi ezagun mordoa ikusten genuen. Etxean bezala gaude hemen", amaitu du.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus