Pehuajó, Argentina. Bertako Udaleko Kultura Idazkaritzak deituta, Pehuajó-ko 140. urteurrenaren ospakizunekin bat eginez, hiriko Etxe Alai Euskal Etxeak 'ate ireki' kultur ekitaldi bat antolatu zuen joan den asteazkenean, uztailaren 5ean, elkartearen egoitza sozialean. Erakusketak euskal musika, jaki eta elikadura tradizionalak eta euskara nabarmendu zituen, baita beste kultura molde batzuk ere, hala nola kirola eta usadioak, panel grafikoetan.
Nora Barrenechearen eskutik, "Euskaldunak eta euskara" izeneko hitzaldi-tailerra burutu zuten, agurrak euskaraz, oinarrizko esaldiak eta eguneroko hitz batzuk modu dinamikoan landuz. Jateko gai eta ohitura tradizionalei ere ekin zieten, eta txokolatea eta ogia, anis erroskillak eta patxarana dastatu zituzten. Arratsaldean zehar, Euskal Herriko musika partekatu zuten eta baita Santos Inzaurralde uruguaiarraren 'Vascos" izeneko olerkiaren grabazioa ere, Carlos Mallaviabarrena pehuajotarraren ahotsean.
EEko lehendakariaren sasoi aparta
“Oso pozik gaude, jende gehiegi bertaratu ez bazen ere, zeudenek erakutsi zuten interesa handia izan zelako". "Jendeak entzun eta parte hartu zuen, eta asko euskal etxera sartzen ziren lehen aldia zen, asko gozatu genuen”, adierazi dio Euskalkultura.eus-i bere 85 urteetan sasoi miresgarria duen Etxe Alaiko lehendakari Elida Orozek. Elidak jakinarazi duenez, abuztuko astelehen eta astearteetan, euskara tailerra egingo dute elkartearen egoitzan 15:30etan, Nora Barrenechea gidari; hori, datorren urtean euskara ikastaroa eskaintzeari begira.