euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Etxe Alai Euskal Etxearen standa, Euskal Herriaren ordezkari Pehuajóko 19. Liburu Azokan

2015/10/07

Euskal standa Pehuajoko Martin Fierro Liburu Azokan
Euskal standa Pehuajoko Martin Fierro Liburu Azokan

PUBLIZITATEA

Urriaren 1etik 4ra egin da aurten Pehuajóko Liburu Azoka, udalaren babesarekin eta hiriko hainbat erakunde partaide. Aurreko urteetan bezala, ekintza kulturalaren 19. edizio honetan ere, Etxe Alaik hartu zuen bere gain Euskal Herriaren eta euskal kulturaren ordezkari izateko ardura. Berri honekin batera, Etxe Alai Euskal Etxeak instituzioaren 59. urteurrenaren ospakizunen berri eman digute. 

Pehuajo, Argentina. Lan handiko lau egun izan zituzten Pehuajoko Etxe Alai Euskal Etxeko lagunek urriaren hasieran, hirian egin zen ‘Martin Fierro’ Liburu Azoka kari. Ekitaldia hiriko Club Deportivo Argentino delakoan izan zen eta publiko anitz bildu zuen, proposamen literario eta kulturalek erakarrita.

Euskal gizataldeari dagokionez, Euskal Herri tradizionalaren irudi osatu samarra eskaini zien Euskal Etxeak bere standera bertaratu ziren bisitariei. Alde batetik eta apaindura gisa, euskal baserri eta paisaien argazkiak zeuden ikusgai standeko hormetan; bestetik, euskara, euskal musika eta dantza, sukaldaritza, ohitura eta abizenen esanahiei buruzko informazioa eman zuten euskal etxeko kideek. Etxe Alai-ko diruzain Elida Orozek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, "publikoak jakinmin handia erakutsi zuen, helduek zein txikiek. Lau egunetan zehar, hiriko eskoletako ikasleek azoka bisitatu zuten eta migrazio prozesuak ikasten ari direnez oso interesatuta zeuden euskal kultura ezagutzen. Izan ere, ikasle batzuek gure euskal etxea aukeratu zuten eskolako lanak egiteko”, diosku Orozek.

Azokaren azken egunean eta 19. edizioari amaiera emateko, pintxoak eta zurrakapotea banatu zituzten Etxe Alai-ko lagunek.

Bazkidearen Eguna eta 59. Urteurrena

Pare bat aste lehenago, Bazkidearen Eguna eta 59. Urteurrena, biak batera eta bazkari handi batekin ospatu zituzten joan den irailaren 13an Etxe Alai euskal etxeko lagunek. Festa, omenaldia ere izan zen ‘Bazkidearen Eguna’ren sortzailea izan zen Hilda Gorri gogoan. “Berez, Bazkidearen Eguna ekainaren bigarren igandean ospatu ohi dugu; eta euskal etxearen urtebetetzea uztailaren 27an da; baina aurten Hildak utzi gintuenez eta oso momentu zaila izan zenez erakundearentzat, irailera arte itxarotea erabaki genuen. Berari gustatzen zitzaion moduan egin nahi genuen: kideak, lagunak eta ahaideak bilduz”.

Bazkarian, Bazkidearen Eguneko eta urtebetetzeko tartak partekatu zituzten bildutakoek eta etorkizunaren alde egin zuten topa.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia