euskal diaspora eta kultura
2013/06/26
PUBLIZITATEA
Puerto Madryn, Argentina. Mota askotako proposamen eta ekintzak eskaini zizkien Puerto Madryngo Ekoizleen eta Diseinu Azokak, 84. zenbakiko Eskolara bertaratu ziren 5000 bat lagunei, tartean, Chubut-eko Nekazaritza Elkartearen animaliekin muntatutako granja, ume eta helduentzako sukaldaritza klaseak, eta erakunde eta enpresen gastronomia standak.
Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera “ekimena hitzordu artistiko eta gastronomiko bat finkatzeko asmoz antolatzen dugu, Puerto Madryngo sukaldaritzaren nortasuna sendotu eta hedatzeko”. Kari horretara, esparruko enpresak ez ezik, gastronomiaren arloan erreferente diren hiriko gizatalde judua eta euskalduna ere parte hartzeko gonbitea jaso zuten. “Gastronomia azoka denez, pintxoak eta dilistak eraman genituen saltzeko. Baina horretaz aparte, euskal kutsua ere eman nahi izan genion gure txokoari, ikurrinez eta Euskal Herriko irudiez apainduz”, azaldu dio EuskalKultura.com-i Etorritakoengatik-eko lehendakar ordea den Andres Elorriagak.
[Euskal Herriko eta Argentinako ikurrekin apaindu zuten euren txokoa euskal etxeko lagunek (argazkiaEE)]
[Hiriko 84. zenbakiko Eskolako instalazioetan burutu zen ekitaldia (argazkiaEE)]
Ekoizleen eta Diseinu Azoka ekainaren 20 eta 21ean burutu zen Puerto Madryngo 84. zenbakiko Eskolako instalazioetan eta Udaleko Turismo Idazkaritzaren eta hiriko hainbat enpresaren babesa izan zuen.
Dirua biltzeko janari salmenta
Diasporako beste euskal etxe askok egiten duten bezala, Puerto Madryngo Etorritakoengatik elkarteak ere abantaila ugariko aktibitate bat aurkitu du Janari Salmentan. Alde batetik, talde lan honek lagunen arteko harremanak estutzen ditu; bestetik, euskal etxe eta komunitatearen arteko loturak ere sendotzen dira hau bezalako ekintzekin. Eta jakina denez, dirua biltzeko ezinbesteko bide bihurtu da elkarte askorentzat.
[Euskal etxeko sukaldariek 200 pertsonentzako prestatutako dilistak irudietan (argazkiaEE)]
Puerto Madryngo euskal etxeak proiektu ugari ditu; batzuk epe laburrekoak dira, hala nola, Euskal Astera bidaiatzea; beste batzuk, ordea, dimentsio handiagokoak dira, adibidez, egoitza propioa izatea. Agian janari salmentaren bidez lortuko den dirua ez da nahikoa izango amets hauek betetzeko, baina dudarik gabe lagungarria izango da oso. Ondorioz oso pozik daude Etorritakoengatik-eko lagunak joan den ekainaren 8an lortutakoarekin. Izan ere, lan handiko egunen ostean, 200 dilista kazola saldu zituen euskal etxeak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus