euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Etorkinen Txokoaren' Bigarren Edizioarekin, Immigrantearen eguna ospatu zuten arrecifestarrek

2010/09/15

Paraguai, Italia, Euskal Herri eta Irlandako dantzariek euren dantzak oparitu zizkioten publikoari
Paraguai, Italia, Euskal Herri eta Irlandako dantzariek euren dantzak oparitu zizkioten publikoari

PUBLIZITATEA

Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak bultzaturik, joan den irailaren 4 eta 5ean, Arrecifes herrian jaialdi berezi bat egin zen etorkinen omenez. Parte hartu zuten gizataldeen artean, kolektibitate espainiarra, irlandarra, frantziarra, italiarra, paraguaitarra, eskoziarra, eta euskalduna aipa daitezke. Omenaldia, bertako Brown Plazan hasi zen, Frantzia eta Espainiako komunitateetako ordezkarien hitz batzuekin. Argentinako ereserkia abestu ondoren, bildutako jendea Ricardo Gutierrez etorbidetik euskal etxeko egoitzara abiatu zen 'Aitona-amonen Txokoa' erakusketa bisitatzera.

Arrecifes, Argentina. Irailaren hasierarekin batera, Argentinako hainbat herri eta hiritan Immigrantearen Eguna ospatzen ari da. Buenos Aires probintziako Arrecifes herria ez da usadio honetatik kanpo geratu eta 'Etorkinen Txokoa' erakusketa prestatu zuen herritarrek euren sustraiak hobeto ezagut ditzaten.

Arrecifesko Immigrantearen Txokoa 2010 01

[Marilin Boveda lehendakari eta Mariana Domine euskal etxeko batzordeko kideek txalaparta jo zuten 'Etorkinen Txokoan']

Jaialdia irailaren 4ean hasi zen herriko Brown Plazan. Hor elkarte espainiarreko ordezkaria den Beatriz Caamañok eta Frantziako kolektibitateko Silvia Goddard-ek immigrazioari buruzko hitz batzuk zuzendu zizkieten bildutako lagunei. Ondoren, gizatalde guztien kideak euskal etxeraino heldu ziren 'Etorkinen Txokoa' erakusketan parte hartzeko.

Irailaren 4ean, larunbatean, irlandarrek eta eskoziarrek euren ohiturak eta kultura erakutsi zizkioten publikoari. Bideoez, musikaz eta dantzez baliatu ziren horretarako. Irla Britainiarrei buruzko aurkezpena bukatu eta gero, Italiako ordezkariek euren kantak, bidekoak eta dantzak partekatu zituzten gainerako herrialdeetako lagunekin. Ondoren, frantziar gizataldekoek euren ereserkia abestu zuten eta 'Eiffel Dorre, Frantzian zehar ibilaldia, Pariseko zeruaren azpian eta frantziarrak Argentinan' delako bideoa bota zuten.

Arrecifesko Immigrantearen Txokoa 2010 02

[Egoitz Zelaia eta Gorka Berasategi euskaldunek bertsoak bota zituzten]

Igandean, berriz, espainiarrak hasi zuten erakustaldia.  Jarraian, Paraguaiko lagunek euren herrialdeari buruzko aurkezpena egin zuten. Bukatzeko, euskaldunek euskal ereserkia abestu zuten eta euskal baserri, sukaldaritza, eta musika tresnei buruzko bideo bat proiektatu zuten. Gizatalde guztien dantzariek ikuskizun polit bat eskaini zioten gero publikoari, eta horretaz gain Egoitz Zelaia eta Gorka Berasategi euskaldunek immigrazioari buruzko bertso batzuk bota zituzten.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia