euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

ETB2k 'Vascos por el Mundo': saioa estreinatuko du datorren astelehenean, lehenengo saioa Baliko euskal herritarrei eskainia

2018/07/13

Vasco por el Mundo saioa datorren astelehenean estreinatuko du ETB2k
Vasco por el Mundo saioa datorren astelehenean estreinatuko du ETB2k

PUBLIZITATEA

ETB2k 'Vascos por el Mundo' saioa estreinatuko du datorren astelehenean, uztailaren 16an. Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunen bizipenak bilduko ditu saioak, eta, horretarako, kazetari talde bat munduan barrena ibiliko da, euskaldunak non, eurak han. "Euskaldunak bidaiariak izan gara beti, eta, gaur egun ere, munduko edozein txokotan bizitzera moldatzen direla erakutsiko dute saio berri honetako protagonistek", adierazi du ETB programaz atera duen oharrean. Lehenengo saioa Balin (Indonesia) bizi diren euskal herritarrekin osatuko dute.

Bilbo, Bizkaia. Uneren batean jaioterria utzi eta atzerrian bizitzera joan direnen istorioak bilduko ditu saioak, izen handiko profesionalak, ikasleak, abenturazaleak edota egun batean maitemindu eta beste herrialde batean familia bat osatu dutenak nondik nora dabiltzan erakutsiz. Alabaina, guztiek eutsi diete euren euskal nortasunari, eta, kasu askotan, euskal ohiturak eraman dituzte beraiekin atzerrira. Euren eguneroko bizimodua erakusteaz gainera, egun bizitoki duten lurraldearen hainbat datu bitxi azalduko dituzte.

Erreportari taldeak ere garrantzi handia izango du saio berri honetan. Roberto Vazquez, Patricia Labrador, Pedro Mardones, Soraya Vegas eta Gorka Vallejo kazetariek munduan zehar bizi diren euskaldunen istorio eta bizipenak lehen pertsonan erakusteko ardura izango dute, eta euren ikuspuntutik jasoko dugu herrialde bakoitzaren xarma.

Saioaren atal bakoitza munduko toki batean grabatuko dute, eta hainbat tokitan ibiliko dira. Estreina ipar hemisferioko uda petoan estreinatzen denez, lehenengo saioek ikutu hori izango dute eta besteak beste hona eramango gaitezte: Bali (Indonesia), Río de Janeiro (Brasil), Habana (Kuba), Eroma (Italia), Los Angeles (AEB), Mexiko Hiria (Mexiko), Atenas (Grezia), Mosku (Erusia) eta New York (AEB). Lehen atalak Indonesiako Bali uhartera eramango gaitu, Roberto Vazquez kazetariaren eskutik.

Lehen atalean, Bali

Baliko lehen protagonista Monica donostiarra izango da. Hegaldietako laguntzaile bezala egiten du lan, eta duela sei urte bizi da Balin. Argi du Euskal Herrira itzuliko dela, baina oraindik ez du horretarako asmorik. Surfa egiten du, eta Balin gustukoen duen tokia erakutsiko digu: Lembongan uhartea. Halaber, uhartean gauez dagoen giroan murgilduko gaitu.

Antxon Loiolakoa da eta ia bizitza osoa darama Balin, Gili Air uhartean. Bertan, hasteko, txiringito bat jarri zuen hondartzan, solomo bokatak eta kalimotxoak saltzeko. Gaur egun, Ardi Beltza izena duen bungalow hotela du, eta noizean behin pintxo-potea egiten du bere hotelean geratzen diren bisitariekin.

Eduardo getxoztarrak surfa maite du, Balin bizitzea bezain beste. Anaiarekin joan zen bidaian, eta bertan oporretan egun batzuk eman ondoren, Balin geratzea erabaki zuen. Surf denda bat du, oso bizitza lasaia darama, eta surfaz gozatzeko denbora libre asko du. Uharteko bizimodura egin da: oso ondo hitz egiten du indonesiera, eta Baliko janariarekin erotu egiten da.

Jose bilbotarra ere ezagutuko dugu. Duela 25 urte ezagutu zuen Nini, eta lau urte geroago ezkondu ziren, Bilbon. Roberto Vazquez kazetaria haren etxera joango da, eta uhartean dauden 10.000 tenpluetako bat bisitatuko dute elkarrekin. Halaber, Josek "Baliko Kantauri isurialdea" izenaz ezagutzen duen kostaldea ezagutuko dute, Laura alaba gazteenarekin. Azkenik, Joseren jatetxera joango dira: Akua de Bilbao. Bertan, Durangoko sukaldari bat ezagutuko dute: Ion. Oso gustura bizi da Balin, eta jatetxerako arraina eta haragia erostera eramango gaitu Sukawan azokara.

'Vascos por el Mundo' saioaren estreinaldia, astelehenean, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

Programan parte hartu nahi baduzu, idatzi hona: casting@vascosporelmundo.eus, edo honako zenbakira deitu: 902 10 44 55; edo idatzi whatsppp honetara: +34 679 333 282 eta aipatu non bizi zaren, zein den zure istorioa eta ze asmo izango zenukeen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia