euskal diaspora eta kultura
2011/06/10
PUBLIZITATEA
Parise, Frantzia. Pariseko Euskal Etxeak antzerkiari eskainiko dio heldu den larunbata eta bi antzezlan oso desberdin ikusi ahal izango dituzte bertan elkarteko kideek arratsaldeko zazpietatik aurrera. Bata, Artedrama plataformak aurkezten duen "Eta nik ere sagar bat daramat nire baitan" izeneko performance-a izango da. Ander Lipus eta Miren Gaztañaga aktoreek taularatuko dute lana, Xabi Strubellen zuzeneko musikaren laguntzarekin. Hiru partaide hauen bitartez performance honek egunerokotasuna aldakor bilakatzen dela erakusten du: “Gogoeta eta hitza airean, izakiak egonean, soinua bilakabidean, argilunen sentsazioak... azken batean bizitza biluzik agertzen zaigu”.
Ander Lipus aktorea euskal antzerki esperimental eta berritzailearen ordezkari nagusienetakoa izan da azken urteotan. 1998an Antzerkiola Imaginarioa taldea sortu zuen eta 2005ean Donostia saria jaso zuen "Yuri Sam" antzezlanagatik. Miren Gaztañaga aktorea Antzerkiolako kide da. Xabi Strubell musikaria, aldiz, Dut eta Zura taldeetan aritu da.
Bigarren lanak aktore amateurrak izango ditu: Sustraiak-eko euskara taldeko 5. mailako ikasleak. Euskara eta antzerkia uztartuz, ikasleek "SantaKrutz" lana taularatuko dute. Antzezlan biak ala biak, euskara hutsean antzeztuko dira, eta euskal etxeak frantsesezko laburpenak prestatu ditu euskaraz ez dakiten ikusleentzako.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus