Donostia-San Sebastian. Estatu Batuetara doa EuskalKultura.com eta Donostiako Heredad de Unanue Hotela zozketatzen ari ziren bi gaueko egonaldia Donostian, Diasporaren Hotela deitua den ostatu honetan. Buffalo-ko (Wyoming, AEB) Trinity Rodriguez-ek eskuratuko du saria. Guztira 656 mezu jaso ditu zozketak, ia hogei herrialdetik, Argentinatik Kanadaraino eta Euskal Herritik Japoniaraino. Partaidetza gehienak Argentinatik, Euskal Herritik eta Estatu Batuetatik etorri dira. Zorionak Trinity Rodriguez-i.
Mezua utzi diogu telefonoan eta emaila idatzi Trinity-ri irabazi zuen sariaren berri emateko, eta bidali digun emailean esan digu modu sinestezinean dagoela pozik berriarekin, sekula ez duela zozketetan deus irabazi eta erabat ezustekoa izan dela. Esan digu baita ere hautatu berria duela Buffaloko Big Horn Euskal Etxeko lehendakari eta, beraz, lotura estu eta aktiboa daukala Buffaloko euskal kultura eta komunitatearekin.
Denda txiki bat dauka berak Buffalon eta Euskal Herrian egindako txingarra, txistorra eta gaztak saltzen ditu, baita euskal opariak ere, elastikoak, katiluak, poltsak-eta euskal diseinu eta koloreekin. Donostiako Unanue Hotelera bere senar Michael-ekin edo bere alabetako batekin bidaia daiteke, baina hori hurrengo kontakturako pentsatuko du. Senarraren aita lesakarra du, eta betidanik egon dira familian euskal etxean sartuta, eurak eta euren alabak.
Zorionak, Trinity!