euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Estreinua Diasporan: "Marijesiak 4:00" Eguberri dokumental gernikarra bihar pantailaratuko dute Tandilgo Euskal Etxean

2019/12/28

"Marijesiak 4:00, bederatzi gau hotzetan" dokumental gernikarraren Tandileko estreinaldiko kartela
"Marijesiak 4:00, bederatzi gau hotzetan" dokumental gernikarraren Tandileko estreinaldiko kartela

PUBLIZITATEA

Gernika, Bizkaia. Filma bihar igandea, abenduaren 29an, pantailaratuko dute, Tandilgo Euskal Etxeak bere 70. urtemuga ospatzeko urtean zehar antolatzen joan den programari itsatsita. "Marijesiak 4:0" Gernikan aintzinatik gordetzen den Marijesiak izeneko tradizioa hartzen du ardatz eta abenduaren 13an estreinatu berria da Gernikan. Ondotik Bilbon ere eman zen (19an), atzera Gernikan (20an), Foruan (23an), Durango (26an), eta Baionan gaur 28an emango da. Bihar igandekoa, Tandilen, Argentinan eta Diasporan izango duen estreinaldia da..

Dokumentalak (59 minutu) tradizio honen iragana eta oraina batu nahi izan ditu, ondare immaterial hau batu, gorde eta transmititzeko helburuarekin. Proiektuak --ikus irudian kartela-- hainbat erakunde pribatu eta publikoren laguntza jaso du. Dokumentalaz gain, ekimenak beste elementu batzuk ere ekoitzi ditu: audio-diskoa mapa batekin, kopla liburutxua, zabalkunde liburua (90 or), eta www.marijesiak.eus web orria.

Igandean gauzatuko den Argentina eta Diasporako estreinaldi hau Andraca-Bidaguren gernikar-argentinar familiari esker egingo da "eta Marijesiak taldearentzat plazer handia izan da euren laguntasuna izatea". "Mila esker handi bat eurei eta euren kontaktuei", azpimarratu diote EuskalKultura.eus-i elkarte antolatzaile gernikarretik.

"Marijesiak Gabonetako tradizinoa da, abenduaren 16-24ra bitarteko bederatziurrenean Gernikan betetzen dana. Urteen joan-etorrian, Kultura-ondare immaterial hau identidade-ikur sakonaren eran garatu da. Modu horretan aditu behar da zelan mantenidu dan belaunaldiz belaunaldi gaur arte, eta, tradizinoak tradizino, Gernikako honek bere eboluzinoa eta garapena euki izan dau. Horregaitik guztiorrengaitik eta  gure herriaren historia, kulturan eta bardintasunean daukan traszendentzia eta  berezko originaltasunagaitik, 2018-19an Gernikako marijesien taldeak MARIJESIAK 4:00 Bederatzi gau hotzetan  PROIEKTU MULTIMEDIA hau garatu eta ekitaldi honetan berton aurkeztu gura dau, Pedro Bidaguren Garratzak 1919an kopla bilduma handia argitaratutako urtearen mendeurrena betetan dan honetan".

FMK Filmak-ek Gernikako Marijesientzat egindako dokumentala
Zuzendaritza: Oier Plaza - Gernikako Marijesiak
Gidoia: Iñaki Gonzalez - Oier Plaza
Produkzio exekutiboa: Joserra Plaza
Produkzioa: Gernikako Merijesiak - Eider Plaza
Zuzeneko soinua: Daniel Asua - Ager Galarza - Xabier Crespo
Soinu post-produkzioa: Iñigo Etxebarrieta
Dokumentazioa: Amagoia Lopez de Larruzea
Muntaia: Oier Plaza
Irudia: Kerman Goikouria - Mikel Etxebarria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia