Estilo, garai eta jatorri ezberdinetako euskal dantzak 2016ko Necocheako Euskal Asteko dantzaldian
2016/11/16
2016ko Euskal Astean danborradak ireki zuen larunbateko musika eta dantza ikuskizuna
PUBLIZITATEA
Argentinan praktikatzen diren dantzen gaineko begirada polita bihurtzen da urtero larunbat gaueko emanaldia. Herrialde osoko ehunka dantzarik Euskal Asterako propio hautatutako dantza bat aurkezten diote publikoari; eta urtean zehar egindako ahaleginak merezitako txaloak jasotzen ditu. Mintzodromoa ere egin zen larunbatean Necochean; euskara ikasle eta irakasleek ere jaso zuten hainbat txalo, beraien kasuan Zubietan bildutako euskaldunengandik.
Necochea, Argentina. Euskal Asteko egun luzeena izan ohi da larunbata; goizeko 9etan hasten da eta bere azken ekintza, erromeria, goizaldeko ordu txikiak arte luzatzen da. Tartean euskararen aldeko aktibitateak, danborrada, kalejira eta dantzaldia egiten dira.
Aurtengo programari dagokionez, arratsaldeko ordu biak pasata Necocheara bertaratu ziren euskara ikasle eta irakasleek Euzko Etxeak antolatutako Mintzodromoan hartu zuten parte. Mintzodromoa bukatuta, danborrada jo zuten Argentinako danborjotzaileek eta horren ostean Paris Antzokira abiatu ziren lagun guztiak kalejiran.
Tito Picon musikariak zuzendutako kalejirak euskal etxe ezberdinetako danborjotzaileak bildu zituen. Musikariek gidatu zuten gero kalejira antzokira (bideoak, EuskalKultura.com)
Noel Castelli eta Andoni Martínez de Ustaran necocheatarren 'Aurreskua' (Bideoa EuskalKultura.com)
Oso berandu bukatu zen jaia –izan zen gaupasa egin zuenik–, Patxi Perezen eta Emon taldearen musika lagun.