euskal diaspora eta kultura
2009/08/11
PUBLIZITATEA
Donostia, San Sebastián. Gorka Aulestia euskaltzain urgazlearen azken izenburua da 'Estigmatizados por la guerra'. Lana euskal akademiak argitaratzen duen 'Euskaltzainak' bildumaren 8. zenbakia osatzen du eta dagoeneko salgai dago liburudenda zein Euskaltzaindiaren webgunean bertan. Liburuak hainbat idazle eta euskaltzaleren testigantza eman nahi izan du, kasu askotan euskaraz edota euskal kulturaren alde lan egiteagatik fusilatuak, gartzelaratuak eta erbesteratuak izan ziren euskaldunen istorioak.
Liburuaren atal batean, 'Exilio vasco en América' izenburupean, jasotzen dira erbestean lan egiten aritu ziren horietako batzuen historiak. Hor dira aipatuak, besteak beste, Juan Antonio Irazusta, Jokin Zaitegi, Nicolas Ormaetxea 'Orixe', Andima Ibinagabeitia, Telesforo Monzon, Vicente Amezaga, Txomin Jakakortaxarena, Toribio Echevarria, Andoni Arozena, Jon Bilbao, Eloy Placer, Xabier Scheifler, Salbatore Mitxelena eta Martin Ugalde. Hauetako asko gartzeleratuak izan ziren bolada batean eta gartzelatik irtetean erbestea izan zuten babesleku. 'Orixe'k esaterako, Argentinako Berraondo herrian egin zuen bere lehen geldialdia eta bertan idatzi zituen gerora bere lanaren poesia erlijioso hoberenak kontsideratu direnak: 'Berraondoko Meza' eta 'J .S. Bach'i Eleizan'. Martin Ugaldek berriz, 1947. urtean Venezuelara ihes egin zuen eta bertan 22 urte eman zituen, ondoren Euskal Herrira 1969an itzultzeko.
Toribio Echevarriaren lana aipagai
Gorka Aulestiak 'Estigmatizados por la guerra' liburuan euskal herritarren inguruko datuak plazaratu nahi izan ditu. Hala ere, ez dira agertzen euskal erbestearen ikur guztiak, hala nola Manuel Irujo, J. Galindez, A. Onaindia (Padre Olaso) edo Iñaki Azpiazu. Erbestera joandako gehienak abertzale eta euskaltzaleak ziren baina autoreak sozialista euskaltzaleren bat ere gogoratu du: Toribio Echevarria (1887-1968); Eibarren jaioa, sozialista eta enpresa kooperatiben sustatzaile izan zen. Gerra Zibilaren aurretiko Eibarreko euskara galtzear zegoela konturatu, eta hainbat ikerketa egin zituen bertako euskarari buruz. Bere kabuz ikasi eta ikertu zuen hizkuntza eta euskara batua osatu aurretik zendu zen Caracasen.
Gorka Aulestia euskaltzain urgazlea da eta euskal literaturan aditua. Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez lan ugari kaleratu ditu eta irakasle izan da Kongoko Errepublika Demokratikoan, Nevada-Renoko Unibertsitateam eta Deustuko Unibertsitatean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus