euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Estibalitz Ortega: "Madrilen euskaldunoi seriotasuna egozten digute langile gisa eta hori atsegina da"

2015/10/22

Estibalitz Ortega Omar, Madrilen bizi den laudioarra (argazkia EuskalKultura.com)
Estibalitz Ortega Omar, Madrilen bizi den laudioarra (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Laudio utzi eta Madrilera joan zen ikastera eta ikasketak bukatuta lana topatu eta bertan ezkondu zen. Estibalitz Ortega Omar gustura bizi da hiriburu espainiarrean, bertakoa den bere senarrarekin eta euren bi seme-alabekin, Aitor, Athletic-zalea eta Leire Madriltzalea.

Joseba Etxarri. Estibalitz Ortega Omar-ek Informazio-Zientziak ikasi zituen Konplutensean eta betidanik zaletasun zeukan ikusentzunezkoen arloan sakontzerakoan, doktoradutza lanekin batera zinema munduko izen potoloekin aritzeko aukera izan zuen, hala nola Ana Diez zuzendari nafarrarekin, laguntzaile, laburmetraiak eta spot komertzialak egiten trebatzen zen bitartean. Halaxe iritsi zen Canal Plus-era. 46 urte dauzka eta ia hogei urte egin ditu bertan. Gustura dago lanean eta gustura bizi da Madrilen, laketua, batere ahaztu gabe baina, bizitzan erreferentzia ere baduen Laudio, bertako usain eta giro familiarra, babeslekua nolabait, eta egun libre batzuk egokitzen zaizkionean, "bospaseitan urtean, Eguberritan, Aste Santuan, udan eta beste bizpahituran" sorterrira hurbiltzen da bere bi seme-alaba eta senarrarekin. Leire eta Aitorrek, 'papá' deitzen diote eurak bezala Madrilen jaioa duten aitari, natural-natural, eta 'ama', berriz, ama laudioarrari. Naturaltasun hori gogokoa du Estibalitzek eta hala saiatzen da etxekoen artean famili-balioak sustatzen, azpimarratzen ardura hartzeak --lanean zein orokorrean-- daukan garrantzia eta gauzak gogoz eta eskuzabal egin, eta bizitzari baikor begiratzearen onurak erakusten, horren guztiaren lekukotasuna hedatzen baitu bere inguruan "Madrilen bizi den euskaldun" edo bestela esanda gaur solaskide dugun "euskal-madrildar" honek.

Madrilen garatu duzu zure ibilbide profesional osoa, telebista ekoizle gisa.

-Zorte handia izan dut, badaezpada egurra ukituko dut (horren keinua egiten du). Karrera bukatu nuenetik beti izan dut lana. Fakultatean egonik, irakasleetako batzuen lanetan aritzeko aukera egokitu zitzaidan, tartean Goya bate jabe den Ana Diez-ekin, eta beste batzuekin, eta berehala sartu nintzen Canal Plusen. Magacine zinema saioa egitea eskaini zidaten eta geroztik nabil hemen, pare bat urtez Cuatron --talde berekoa da--, azkenean Kiroletan bukatzeko, berriz ere Canal Plusen, azkeneko bederatzi urteetan .

Zinema eta kiroletan gehienbat...

-Gustukoa dut zinema eta, beraz, filmak ikustea eta mundu horretan murgilduta lan egitea oparia zen niretzat. Gaur egun kirolek ematen didate jaten eta gustura bago baita ere, ez ditut praltikatzen, baina segitzen ditut.

Zikloturista beteranoenek gogoan eukiko dute zure aita, Jose Ortega Azpuru laudioarra, zale handia.

-Txirrindulari handia izan zen. Lasterketa asko egin zituen zikloturista eta randonneur gisa, baina gaisotu eta minbiziak eraman zuen orain ia sei urte, 67 urte zituela. Hil zenean, munduan Luchon-Baiona lasterketa mitikoan aldi gehiagotan parte hartutako txirrindularia zen. Gogoratu 320 kilometroko ibilbidea duela Pirineotan eta 5.300 metroko maila-alde akumuluatua daukala, tartean Aspin eta Tourmalet bezalako portuekin. Bizikleta asko ikusten hazia naiz, familiarekin Frantziara joaten, esaterako, Tour-ari segika.

Madrilera ikasketak egitera iritsi baina bertan finkatu zara.

-Ikasketak bukatu, lana lortu eta egun senarra dudana ezagututa bertan geratu nintzen. Ondo bizi naiz, bizitza hemen moldatu dut eta gustura nabil. Madrilek errespetu handiz tratatu izan nau beti. Ez dut estereotipoetan sinesten baina gertatu izan zait jendea, konturatzen denean euskaduna zarela, izenagatik, itxuragatik edo hizkeragatik, seriotasuna egozten digula euskaldunoi eta hori beti da atsegina. Alperrak nonahi topa daitezke baina orokorrean hemen ondo hartzen zaituzte langile gisa euskalduna zarela dakitenean. Bestalde, etxean, egun libre batzuk ditugunean, Laudiora goaz. Aita eta ama hil ziren, baina nire anaia eta ahizpak atxikitzen dugu famili-etxea eta hara goazenean, nik segitzen dut esaten "etxera noala". Maiz biltzen gara eta familia zabala izateko zortea daukat, lehengusu, osaba-izeba eta lagun askokoa eta harreman horiek guztiak mantentzen ditugu. Nire seme-alabak ere, Leire, 14 urtekoa, eta Aitor, 12koa, giro horretan hazi dira. Euskara egin, pixkat egiten dute, baina ulertu ulertzen dute. Euren adineko lehengusuak dauzkate eta txikitandik han egonik euskaraz ikusi izan dute telebista eta inguru euskaldunean bizi izan dira.

Kontaktua, beraz, ez duzue galdu.

-Batere ez, niri hala ateratzen zait, naturaltasunez. Egia da baita ere harremanak mantentzea gaur askoz errazagoa dela. Orain ez oso aspaldi, hara joateak 5 edo 6 orduko bidea eskatzen zuen autoz, eta telefonoz probintzia arteko deia zen, konferentzia. Gaur egun egunero hitz egiten dut anaia eta ahizparekin eta WhatsApp-arekin ere lehengusu eta lagunekin. Nik Urduñako Josefinoen Eskolan ikasi nuen eta garai hartako koadrillako lagunek mantentzen dugu kontaktua eta egunean gaude bakoitzaren bizimoduaz. Izan ere, hemendik gutxira, azaroan, Bilbon izango dugu bazkaria.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia