euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Estebe Salgado, euskal enpresaria Washingtonen: "AEBetan, zailena hastea da, baina sagardoa eta txakolina bezalako produktuek ongi funtzionatzen dute"

2016/07/08

Estebe Salgado Agirreazaldegi 32 urteko donostiarrak inportazio eta banaketa enpresa bat kudeatzen du Washington DCn (argazkia EuskalKultura.com)
Estebe Salgado Agirreazaldegi 32 urteko donostiarrak inportazio eta banaketa enpresa bat kudeatzen du Washington DCn (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Estebe Salgado igeriketa beka batekin iritsi zen Estatu Batuetara eta Matematika karrera atera zuen Washingtongo Unibertsitate Amerikarrean. Geroago lan esparruan murgildu eta gaur egun arrakastaz zuzentzen du berak sortutako enpresa, txakolina, sagardoa eta Errioxa Arabarreko ardoak hedatuz.

Joseba Etxarri. Gazteria mugitua eta ekimentsua den ala ez? Ikustea besterik ez dago zertan ari den Washingtonen ezarrita egun 32 urte dituen Estebe Salgado Agirreazaldegi donostiarra, 18 urte zituela Estatu Batuetara igerilari beka batekin iritsia bertako American University delakoan kirolari aritu eta Matematika karrera egiteko. Euskadin Easko Klubarekin ibilia zen igerian eta berak figura bat ez zela badio ere, irabaziak zeuzkan autonomi mailako norgehiagoka batzuk eta finalista gelditua zen estatu mailakoren batean. Lagun igerilari batek aukera amerikarraren bidea aipatu zion eta Unibertsitate ikasketak hasteko ordua iritsi zitzaionean interesatu zen. Eta aukerari eutsi zion; beka lortu eta doi-doi adinez heldua zela Estatu Batuetako hiriburura aldatu zen, karrera ikasteko, bere kirolari alderdia lantzeko eta hizkuntza, kultura eta inguru berri baten esperientzia izateko.

Argi euki zenuen aukera bat zela.

-Lagun harek, Junkalek, aipatu, eta nolabait ateak zabaldu zizkidan; bai, argi euki nuen. Karrera egiten ibii nintzen lau urteetan igeriketan ere gogor aritu nintzen eta behin karrera bukatuta, gogoetarako momentua heldu zen, hortik aurrera bizitza norantza bideratu nahi nuen erabakitzeko unea. Eta erabaki nuen aldatzeko momentua zela eta entrenamentu-erritmo hain trinkoak bizitzako beste alderdi batzuk lantzea eragozten zidala, egunero bost t'erdietan jaiki beharrarekin-eta, kirolean aritzea oso lotua baita. Iraun zuen bitartean, hartu nuen parte unibertsitate mailako txapelketa garrantzitsuren batean, hala nola Santa Clara Txapelketan, Kalifornian, baina iruditu zitzaidan bizitza urrats berria emateko tenorea zela. Neukan bisatuak praktikak egitea ahalbidetzen zidan eta horri eutsi nion. Gero Estatu Batuetara mundu osoko ardoa inportatu eta banatzen zuen enpresa batean hasi nintzen eta hor aritu nintzen, hornikuntza alorrean, bi urte t'erdi. Asko ikasi nuen. Enpresarekin bolada luzeren bat ere pasatu nuen zenbait ardo-lurraldetan, bate ere Espainian, ardoarekin prozesu osoa barrutik ezagutzen. 2008an enpresa itxi egin zen eta hor aukera ikusi nuen zerbait nirea hasteko eta sortu nuen, moentu hartan bazkide batekin, gaur egun gobernatzen dudan enpresa, Tradewinds Specialty Imports. Gogor ari gara lanean, baina ondo doakigu.

Ze produktuak lantzen dituzue?

-Edari alkoholdunen inportatzaile eta banatzaile gara Washington hirian eta inguruan, Maryland eta Virginian. Esaterako, txakolina, sagardoa eta Arabar Errioxako ardoa daukagu, baita beste eskualde eta sormarka batzuetakoak, hala nola Cava, Xerez, Alvariño, Rueda edo Argentinako ardoak. Gure filosofia bodega familiarrekin lan egitea da, gurekin konprometitu eta hazi nahi duten sotoekin. Kalitatezko produktu eskaintzen dugu eta harro gaude horretaz eta pixkanaka geure lekua ari gara egiten merkatuan. Ekoizpen mugatuko produktuak dauzkagu eta mimoz zaintzen ditugu. Ostalaritza munduko negozioetara saltzen dugu, gourmet motako dendetara, likordenda espezializatuetara edo produktu organikoen supermerkatuetara. Gure produktuek erlazio kalitate-prezio ona daukate eta merkatuko ertain-goi alderdira zuzentzen ditugu. Apurka sendotzen joan gara eta une hnetan zortzi pertsona gaude dagoeneko lanean, munduko leku desberdinetakoak. Izan ere, oraintxe bertan, Euskal Herriko gazteren baten eskaintzaren bat hartuko bagenu gurekin lan egiteko, gogoz aztertuko nuke. Ingeles maila altua behar da eta ezagutza eta ideiak komunikazio eta marketing munduan.

Alderdi pertsonalago batean, sendotuta zaude dagoeneko Washingtonen. Hemengo batekin ezkondu eta euskal-amerikar familia sortu duzu.

-Casandra Marylan-ekoa da. Ezkontza batean ezagutu eta gu ezkondu ginenean euskaraz irakuri zituen bere botoak. Gustatzen zaio Euskal Herria eta bi seme-alaba dauzkagu: mutikoak Aspen Ibai du izena eta hiru urte dauzka; eta neska Naiah da, Naia esana baina hatxe bat azkenean idatzita, urtebete beteko du orain.

Euskaraz egiten diezu.

-Aspenek esaterako --Naiah txikiegia da oraindik-- oso ondo daki norekin zein hizkuntza egin behar duen eta egia bada ere ingelesez erraztasun handiagoa daukala, niri bai iruditzen zait eta zalantzarik ez dut eurei uzteko legatu ona dela. Etxean haurtzain ertamerikarra daukagu eta berarekin gaztelaniaz egiten du, nirekin euskaraz eta amarekin ingelesez. Natural natural. Aurrerago izango du denbora bere erabakiak hartzeko, baina momentuz uste dut bizitzan abiapuntu ona dela, oinarri on bat ematen diola bizitzari aurre egiteko tokatu zaizkion ezaugarrietatik, gero gerokoak, aurrerago hobeto iruditzen zaion erabakiak har ditzan.

Zer egin zaizu gogorren edo zailen bizi duzun bizitza amerikarrean?

-Hasiera, hastea. Enpresari dagokionez, adibidez, abiatzea eta merkatuan sartzea. Lehiakortasun jandia dago eta ez da erraza zeure burua ezagutzera ematea eta, are gehiago, ezagunak ez diren produktuak ezagutzera ematea. Baina zortzi urte eta gero enpresarekin, ondo doakigu eta txakolinak eta sagardoak ondo sartzen ari dira, arrakastaz. Orain artean, gainera, guztia gure kabuz egin dugu, inongo laguntza ofizialik gabe.

Egun hauetan Smithsonianeko ekitaldietan ari zara parte hartzen Washingtonen. Nola ikusi duzu?

-Asko gustatzen ari zait, oso ondo antolatua eta muntatua ikusten dut. Jendea asko ari da disfrutatzen eta, alderdi komertzialari dagokionez, partaide gara geure produktuekin ekimeneko dendan. Eta ondo ari da. Ostegun honetan bertan, lauetan, Txakolin, sagardo eta Errioxar Errioxako ardoen dastaketa daukagu. Nahi baduzue, erabat gonbidatuta zaudete.



Komentarioak

  • ortografia zaindu

    Artikulu oso interesgarria, kazetariari zorionak; dena den, oharra ere, kazetariari: arretaz berrirakurri publikatu aurretik, ortografia (eta gramatika) akats asko daude eta... ortografia zuzenketa automatikoa egin izan balu, hobe.

    Unai Arrieta (-), 2016/07/09 07:36

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia