euskal diaspora eta kultura
2008/12/11
PUBLIZITATEA
Rio Colorado, Argentina. Rio Coloradoko Ibaiko Etxea euskal elkartean euskera izango da nagusi igande honetan, bertan egingo baita 'Patagonian ere bai! jaiaren bigarren edizioa. Topaketa hau Patagoniako euskara ikasleei bildu eta euskera praktikatzeko aukera emateko asmoarekin jaio zen iaz eta eta aurten ere Ibaiko Etxeako eta inguruetako Viedma eta Bahia Blancako euskal etxeetako ikasle eta irakasleak bilduko ditu.
'Iaz bezala euskaraz hitz egin eta euskal kulturari buruz gauza berriak ikasteko asmoz bilduko gara', azaldu dio EuskalKultura.com-i Rocio Basterra irakasleak, topaketaren antolatzaileetako batek. 'Gainera, geografikoki denak patagonikoak garenez, guretzako zaila da beste topaketetan parte hartzea eta hau euskararen bitartez lagunak egin eta esperientzia berriak bizitzeko aukera aparta da'.
Bilkurara 50 bat lagun bilduko dira, iazko lehen edizioko kopurua aixe gaindituz eta ideia harek Patagoniako euskaldunen artean arrakasta izan zuela erakutsiz. Horrezaz gain Euskal Herritik heldutako lau lagun ere izango dira jaian, euren euskera eta euskal kulturari buruzko ezagutzak partekatzeko prest. Topaketa goizeko bederatzietan hasiko da eta arratsaldeko seiak arte iraungo du.
Argentinako lehen euskal laburmetraia
Egunean zehar partehartzaileek 'Bat' laburmetraia ikusteko aukera izango dute. 'Bat' Bahia Blancako Euskal Etxeko euskara ikasleek eta Gure Antzerki taldeko kideek eginikoa da, euskera hutsean egin ere. Filma Bahia Blancan estreinatu zuten eta orain Rio Coloradora helduko da, Gure Antzerki taldearen performance batekin gainera. Antzezlanaren ostean, taldeko kideek laburmetraia aurkeztuko dute, grabazioko abenturak eta erronkak gogoratuz eta filmearen helburua azalduz. Laburmetraiaren emanaldiaren ostean arduradunek Rio Coloradoko liburutegi eta erakundeentzako DVDak banatuko dituzte.
['Bat' laburmetrai argentinar euskalduna egin zuen taldeko kide batzuk, Bahia Blancako Euskal Etxean egin zuten aurkezpenean. Erdian Rocío Basterra, euskera irakaslea, eta Miguel Mendiondo, Gure Antzerki taldeko zuzendaria (argazkia Bahia Blanca EE)]
Rocío Basterra laburmetraia egin zuen taldeko kidea da ere, eta ekimena aurrera atera ahal izateko gainditu behar izan zituzten erronkak gogoratzen ditu: 'dena ahalik eta merkeen egiten saiatu ginen, eta norbaiten kamara erabili genuen, norbaiten argiak... eta abar. Musika jartzeko ere abesti bat lortu genuen azkenean. Lazkaon egon nintzenean [Maizpide barnetegian euskara ikasten], Drindots taldeko Jon Urdangarinekin hitz egin nuen eta gure ideia kontatu nionean hogei minututan 'Maitasun hitzak' abestiaren bertsio bat egin zigun! Gogoa dagoenean dena egin daiteke!', aiptzen du. Igande honetan topaketako partaideek Argentinan euskaraz eginiko laburmetrai hau ikusteko aukera izango dute eta euren ahaleginarekin euskera 'Patagonian ere bai!' egiten dela erakutsiko dute.
['Bat' laburmetrai argentinarraren irudi bat. Bahia Blancako Euskal Etxeko euskera eta antzerki taldeek euskaraz eginiko laburmetraia da 'Bat'. Argazkian Union Vasca Euskal Etxean egin zuten aurkezpeneko une bat (argazkia Bahia Blanca EE)]
[Gure Antzerki taldearen performance-a Bahia Blancako Euskal Etxean 'Bat' laburmetraia aurkeztu zutenean (argazkia Bahia BlancaEE)]
Iazko 'Patagonian ere bai!' jaiaren irudi gehiago, Argazki Galerian, hemen.
'Bat' laburmetraiaren aurkezpena Bahia Blancan, Argazki Galeria, hemen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus