Hailee Brown ikasle estatubatuar bat da, Ohioko Mount Union Unibertsitatean. 2018ko udaberri sasoian atzerrira atera nahi izan du ikastera eta Bilbora etortzea erabaki du, Renon egoitza duen University Studies Abroad Consortium (USAC, Kanpoan Unibertsitate Ikasketak egiteko Partzuergoa) medio. USACek 35 urte daramatza ikasle estatubatuarrak Euskal Herrira bidaltzen bertan ikastaldiak egitera. Hauxe da Hailee-k idatzi duena, Bilbon bere lehenengo astea pasa eta gero.
Hailee Brown. Kaixo! Goizegi da nire burua 'egoiliar' deitzeko, baina dagoeneko zortzi egun eman ditut ofizialki Euskal Herrian bizitzen. Azkeneko zortzi egunak zurrunbiloa izan dira metroan ibilita, Getxo eta Bilboko auzoak esploratzen, bertako elikadura dendetan erosten ikasten, hemengo etxeko tresnak erabiltzen ikasten tenperaturak Celsius gradutan bakarrik baitaude, jatetxeetan eskatzen saiatzen nire gaztelania eskasarekin, eta lotura esanguratsu sakonak sortzen USACeko nire ikaslekideekin.
Hiru 'uste' neuzkan honako hegazkinean sartu aurretik:
- Seinaleak gaztelaniaz eta ingelesez idatzita egongo ziren
- Metroa zinez nahasgarri eta konplikatua izango zen
- Lagunak egitea erronka handi bat izango zen
Zortzi egun pasata, argi esan dezaket uste hauek erabat ustel gertatu direla. Kaleko eta garraiobideetako seinaleak Euskal Herrian ez daude gaztelaniaz eta ingelesez, bai ordea euskaraz eta gaztelaniaz. Horrek izutzen bazaitu, ez zintuzke izutu behar: hegazkinean hona etortzeko igo nintzenean oso gaztelania gutxi banekien arren, ez naiz oraindik galdu.
Iradokizuna: laguntzen du zuk baino gaztelaniaz gehiago dakiten USACeko beste ikasle batzuekin ibiltzeak, itzulpen alorreko zalantzetan lagungarri baita.
Metroa. Metroa hartu behar izateak beldur handia ematen zidan. Ohioko herri txiki batekoa naiz eta oso gutxitan erabili izan ditut garraiobide publikoak. Klasera joateko metroa egunero hartzeak atzera ematen zidan. Baina hara zer, Metro Bilbaok erraz eta atsegin bilakatzen du bidaiatzea. Bi lerro bakarrik ditu eta galtzea ezinezkoa da egiazki.
Iradokizuna: lehenengo egunetan Barik txartela erosi. Metroan ibiltzea bertako ohitura gustukoenetako bat da orain niretzat eta egunero zain egoten naiz noiz etorriko den berau hartzeko ordua.
Eta azkenik, aldez aurretik neukan ideia bat lagun berriak egitea gauza zaila izango zela zen. Baina berriz ere pozik esan dezaket oker nengoela. Gauza benetan erraza de USACeko gainerako ikasleen artean lagunak egitea. Ezagutu ditudan pertsona guztiak ni bezain ilusio handia zeukaten elkarrekin konektatzeko eta hemengo bazterrak ezagutzeko. Pentsa ezazu gutako bakoitza bakarrik zela hegazkin batean leku atzerritar desezagun batera joateko. Nork ez dauzka honela gogoak berehala lagunak egiteko? Programan pertsona bakoitza nor baino nor zoragarriagoa da, jende ireki eta atsegina, bihotz onekoa eta ikasteko eta laguntzeko prest.
Bilboko nire lehenengo zortzi egunak ez nituen inola ere honelakoak espero eta erabat pozik nago. USACeko pertsonalak, gu ongi egokitzen ginela ziurtatzeko, bi lehenengo orientazio egunak gure unibertsitate berriaz zein hiri berriaz informazio ugari ematen pasatu zituen. Ibilbideak egin genituen oinez Bilbon zehar eta zenbait bazkari tradizional, bertako sukaldaritza finena dastatuz.
Kultura zoragarria da, paisaiak itzelak eta jendea atsegina. Eta zatirik harrigarriena: askoz ere gehiago dago esploratu eta ikasteko!
Kanpoan ikastea egiazko esperientzia bat da, bizitzan garrantzitsua, eta Bilbon ikastea aukeratzea argi dago sinestezina izan daitekeela.
Egun on...Buenos días!