Boise, AEB. Boise Idahoko hiriburuak bisitariei eskaintzen dien erakargaietako bat da bertako "Basque Block" edo euskal auzoa. Garai batean euskal emigranteen ostatu eta biltokietako batzuk kokatzen ziren lekua zena, gaur egun berregokitu, apaindu eta oinezko eremu bilakatuta dago eta bertan daude tragu bat hartu, euskal janaria dastatu edo terraza batean lasai egoteko lekuak eta, esaterako, Boiseko Euskal Museoa, hiriko Euskal Etxea, Leku Ona jatetxea, Anduiza euskal ostatu eta kantxa zaharra eta Gernika Taberna.
Eremua bera, euskal sinbolo, keinu eta kolorez beteta dago, eta zoluan grabatu eta koloreztatuta lauburu erraldoak daude, baita inguruko euskal familien izenak ere, zenbait ohar adierazgarrirekin batera, Euskal Herriko eta bertako euskaldunen historia azalduz. Gernikako Arbolak ere kimu ongi hazia dauka bertan, eta bereziki udan, kalean egiten dira euskal elkarretaratze, festa eta kontzertuak. Baita euskal erakusketa, klase, tailer eta topaketak ere bertako eraikinen barru aldean. Hau guztia, egun, pandemiak baldintzatuta, baina ez ezabatuta.
Horixe da Boiseko "Basque Block", eta Gernikarekin ahaidetutako Boisek honela saltzen dio hirira etortzen diren bisitariei.