euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AEBetan, Boiseko 'Idaho Statesman' egunkariak editoriala eta gogoeta dedikatzen dio Egunkariaren aferari

2009/12/17

PUBLIZITATEA

Atzo orrialdeotan argitara emandako albiste batean, Egunkariaren auziak Estatu Batuetako Idaho estatuko prentsaren arreta merezi izan duela aipatzen genuen, bertan egunkari nagusia den Idaho Statesman aipatuz. Euskal Komunitate zabala duen Idahon, eta bertako hiriburu Boisen, euskaldun batzuk pertsonalki ezagutzen zuten auzipetutakoetako bat, Martxelo Otamendi, eta epaiketaren hasten zela-eta protestatu nahi izan dute, "gehiegikeria", "hizkuntza eta kultura bati egindako erasoa" eta "adierazpen askatasuna urratzea" bezalako hitzak erabiliz. Egun bat geroago, Idaho Statesman-ek Egunkaria auziari eskaini dio editoriala, adierazpen askatasunaren zinezko garrantzia aipatuz, Egunkaria auziaren harira.

Boise, Idaho, AEB. Honela dio atzo (2009-12-16) Idaho Statesman egunkariak Adierazpen askatasuna zoragarria da, auzi honek gogora ekartzen digunez izenburupean:

Ez dugu esan nahi gauza garenik, 5.400 miliako distantziatik, Martxelo Otamendi kazetariaren terrorismo kasua epaitzeko euskarazko egunkari bateko bere lankideekin batera Espainian epaitzen ari baitira ETA bezala ezaguna den euskal talde armatu separatistaren aldetik dirua eta sostengua hartzeagatik.

Badakigu uste eta kontzientzia sendoko euskal idahoar batzuk, tartean Estatuko idazkari ohi Pete Cenarrusak eta Boiseko alkate David Bieter-ek pertsonalki ezagutzen dutela Otamendi eta zinez zalantzan ipini dituztela karguak. Otamendi zenbaitetan izana da Idahon, bertan zabala den euskal komunitatearen berri emateko. Badakigu baita ere Espainiako epaitegiek birritan itxi dituztela euskarazko egunkariak, 1998an eta 2003an, ETArekiko hurbiltasuna egotziz.

Badakigu baita ere iritzi kritiko sinesgarriek kasuari eta epaile aurrera etorri aurretik eman dituen sei urteei buruzko galderak bota dituztela. Lehen mailako Nazioarteko Prentsa erakunde batek, Mugarik Gabeko Kazetariak-ek, deia luzatu dio Espainiari auzia bertan behera utz dezan, esanez ez dela sekula ETArekiko loturarik frogatu. Beste kazetari batzuek salatu egin dute Espainia, 'terrorista' labela ipintzeagatik ETAk euskaldunentzat nahi duen autodeterminazioarekin ados daudenei.

Mundu erdiko distantziara gertatutako terrorismo auzi uher honek zera oharrarazten digu: jende askeak adierazpen askatasuna eta egunkari askeak behar dituela. Epaileek eta gobernuek erabakitzen dutenean nor mintza daitekeen eta nor ez, herritarrek ezin dute gehiago sinetsi egia entzuten ari direnik.  Gu, Estatu Batuetan, axolagabe ager gaitezke hitz egiteko eta argitara emateko gure askatasun handi eta berme konstituzionalen aurrean. Idahorekin lotura berezia duen nazioarteko kasu honek gogoratzen digu ez ditugula askatasun horiek besterik esan gabe bermatutzat hartu behar.

[Honakoa Idaho Statesman egunkariaren jarrera editoriala da. Sinatugabeko iritzia da eta Statesman-en batzorde editorialak adostasunez pentsatzen duena adierazten du. Iruzkinik egin edo gairen bat aipatzeko, bidali e-maila hona: editorial@idahostatesman.con]

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia