Cascade Locks, Oregon, AEB. Bi txotx saio egingo dituzte aurten Oregonen Son of Man izenpean sagardoa euskal erara ekoizten duen enpresa honetako lagunek. Lehenengoa joan den larunbatean egin zuten, eta bigarrena datorren larunbatean, martxoaren 12an. Aurrenekoa arrakastatsu igaro zen eta partaideen artean baziren estatubatuar ez-euskaldunak, euskal-amerikarrak --Boisetik helduak gehienbat-- eta baita Euskal Herritik etorritako ordezkaritza labur bat ere, 'Son of Man'ekoek Astigarragako Gurutzeta eta Tolosako Isastegi sagardotegietakoek lagun ekin baitzioten ekimen honi, AEBen, Oregoneko sagarrekin, euskal estiloko sagardoa ekoitziz, "Basque style cider". Club Sagardo delakoa ere badaukate.
Gogoratu antzeko zerbait egiten dutela Argentinan 2019tik Txapela sagardoarekin, Patagoniako sagarrez, euskal teknikei jarraiki, kasu honetan Xabier Aguirre rosariotar euskalduna buru duen enpresak, aurretik Iñaki sagardo euskal-argentinarrarekin egiten bezala, bere arreba Itziar Aguirre sukaldaria ere tarteko, eta lehenago historikoki beste batzuek. Argentinan, Xabier Aguirre zuzenean euskal komunitateko kide denez, lotura handiagoz euskal etxeekin eta hainbat txotx saio eginez kupel txikietatik hainbat euskal etxetan.
Baina Oregon inguruan bizi bazara, Euskal Herriko estiloko sagardoa Txotxean dastatzeko aukera bat geratzen zaizu datorren larunbatean, baina azkar ibili, lekuak erraz agor baitaitezke. Txuletoi batez eta jaki gehiagoz laguntzeko aukera ere ematen dizute. Ekitaldiko xehetasun gehiago eskuratu eta izena eman hemen klik eginez egin ditzakezu [ideia bat egiteko, sagardoa kupeletik, 25 dolar; txuletoia, 55 dolar; franzino (arraina) errea, 35 dolar]; Batera edo bestera, Txoooootx eta osasuna!