euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Estatu Batuetan artzain ibilitako sunbildarrek urteroko bilkura egin zuten, geure historiako zati horren lekuko

2007/05/07

Urtean behin biltzen dira Sunbillako amerikanoak. (EuskalKultura.com argazkia)
Urtean behin biltzen dira Sunbillako amerikanoak. (EuskalKultura.com argazkia)

PUBLIZITATEA

Estatu Batuetan artzain ibilitako sunbildarrek euren 21. elkarretaratzea egin dute joan den asteartean, egun osoko elkarretaratzea egin ere, urtero bezala deialdia goizetik hasi baitzen --meza batekin bertako parrokian--, bazkari batekin segitu herriko Ulibeltzak elkartean, eta arratsaldez jarraitu baitzuen, ohiko bisita mendi aldera eta afaria berriz ere Ulibeltzak-en eginez. Hogeita hamabi 'amerikano' bildu ziren bertara, garai batean Bidasoaldean --eta Euskal Herriko beste hainbat eskualdetan-- oso garrantzitsua izan zen Ameriketarako emigrazioaren lekuko bizidun, ez baita ahantzi behar Euskal Herria emigranteen herria izan dela duela oso denbora gutxi arte.
Urtero maiatzaren lehenarekin batera egiten duten bilkura iaz 'Sunbildarrak Ameriketan (1898-1993)' liburuaren aurkezpenak markatua egon ondoren, elkarretaratzearen aurtengo edizioan --21.a-- gauzak ohiko lekura itzuli dira eta joan den asteartean Sunbillako amerikanoak urte guziz bezala bildu dira, gonbidatu eta agintari berezirik gabe, Ameriketan pasatako urteak eta esperientzia hura bilgarri, Euskal Herriaren historian euskaldunen emigrazioaren fenomenoa urrun ez dagoen zerbait dela nabarmenduz eta, besteak beste, gaur egun Euskal Diasporarik badago, bertako askok euren etxea eta familiak utzi eta aukera hobeen bila abiatu behar izan zutela gogora araziz.

[Joan den asteko elkarretaratzearen talde-argazkia, euria ari zuenez, Ulibeltzak elkartearen barnean. Potreta Ameriketako artzain estiloan egindako ogia erakutsiz eta don Basilio erretorea (ogi ale biribila eskuetan) lagun egin zen (argazkia EuskalKultura.com)]

Egunari bertako elizan eginiko mezarekin ekin zitzaion. Jesus Goldaraz Doneztebeko apeza eta Basilio Sarobe Sunbillako erretorea meza-emaile, bertaratutakoek hildako amerikanoak izan zituzten gogoan, bereziki apirilean, bilkura baino bi aste lehenago, hil zen Eusebio Irazoki Arrieta. 'Ez zuen gaurko egunez sekula huts egin', adierazi zioten EuskalKultura.com-i Ameriketan berarekin ibilitako lagunek.

Kantuak eta bertsoak Ulibeltzak-en

Asteburu aldera zinez gaiztoago bilakatuko zen eguraldiaren iragarle, euri moderatuak egun osoan lagundu zuen eta beste urte batzuetan aire librean egiten den talde-argazkia bera Ulibeltzak elkartearen barnean egin behar izan zen. Umore onak eta pasadizo kontaketek ez zuten batere huts egin, eta Gelbenzu anaiek prestatu zuten bazkariak guztiak asetu zituen, kalitatez zein kantitatez. Kantu batzuk ere entzun ziren bazkalostean, baita Fermin Zelaietan botatako bertsoak ere.

Egunaren besta giroarekin batera, planak eta Ameriketara joaniko euskal artzainen historia bildu, dokumentatu eta atxikitzeko egitasmoek ere euren tokia izan zuten solasgaietan. Izan ere, azken denboretan indarra hartzen ari dira Sunbillan, eta beste zenbait ingurutan, bertako historia amerikanoa hurrengo belaunaldientzat gordetzeko urratsek. Joan den urtean argitara emaniko 'Sunbildarrak Ameriketan (1898-1993)' liburua edota Lesakan eginiko liburu, bideo eta omen-eguna horren adierazle. Emanen dugu sendotzen direnean ideia eta asmo horien berri.


Lotura interesgarriak

Ttipi-Ttapa telebistako ekipo bat AEBetara bidaiatuko
2007ko otsailaren 16an EuskalKultura.com-en argitara emana

Sunbillako hiru amerikano euren eskarmentua azaltzen
2006ko abenduaren 19an EuskalKultura.com-en argitara emana

'Bortzirietako artzainak Ameriketan' liburu eta DVDa kalean
2006ko azaroaren 1ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Lesakak bere amerikanoak omendu zituen
2006ko urriaren 23an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia