euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Estatu Batuetan artzain ibili zirenek urteroko festa eginen bihar Berueten Euskal Artzainak Ameriketan-en eskutik

2024/10/11

Urtero antolatu ohi duen elkarretaratzea da Euskal Artzainak Ameriketan-en jai egun hau. Irudian, aurreko edizio bateko irudia
Urtero antolatu ohi duen elkarretaratzea da Euskal Artzainak Ameriketan-en jai egun hau. Irudian, aurreko edizio bateko irudia

PUBLIZITATEA

Beruete, Nafarroa. Estatu Batu Mendebaldean artzain gisa lan egindako euskal emigranteek euren urteroko festa handia eginen dute bihar, aurten Berueten (Basaburua). "Badugu indarra eta gogoa", aipatu diote buletin honi antolatzaileek, baieztatuz aurrera doala beste urte batez Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen eskutik heldua den elkarretaratze eta festa egun berezi hau, omenaldi gisa, oroiturik eta elkartzeko aukera emanez XX. mendean zehar eskualde osotik AEBra emigratu zuten orduango gazteei, batzuk han geratu zirelarik, egungo bertako euskal komunitate eta euskal etxeak elikatuz, eta beste batzuk urte batzuren buruan euskalerriratu eta familiak hemen hazi zituztela, baina beti hura eta han pasatutako urteak gogoan, ingurukoek 'amerikano' deiturik.

Euskal Artzainak Ameriketan-ek esker biziak ematen dizie Iraitzozko Ana Olaiz eta Lourdes Iraizoz-i azken bi urteotan inguru osotik, Basaburua, Ultzama, Atetz, Lantz, Odieta, Imotz eta Anuetik Estatu Batuetara emigratutakoen datuak eta informazioa biltzeagatik. Aurtengo elkarretaratzea egin ahal izan da, Nafarroako Gobernuaren sostenguarekin batera, Anue, Atetz, Basaburua, Imotz, Lantz, Odieta, Ultzama eta Beruete herrietatik jasotako sostenguari esker. Bildutako datuen arabera, 215 bat izan ziren Ipar Ameriketara artzain abiatutako pertsonak, gizonak gehien-gehienak. Jesus eta Begoña Garatek (artzain baten seme-alabak) material ugari, argazki eta dokumentuak batu dituzte eta erakusketa baten bidez, datu demografikoak eta bestelakoak ere emanez, egoera eta fenomeno hura zer izan zen eta bertan izan zuen eragina ulertzen lagungarri izango den panoramika emanen dute.

Egitaraua, urriaren 12an, larunbata

- 10:00etan autobusak iritsiko
- 10:00etatik 12:00etara gosaria
- 10:00etatik 14:00etara erakusketa eta artisauak
- 12:00etan Meza (Ultzama Abesbatza kantari)
- 14:00etan ohiko highball-a eta bazkaria
- 16:00etan Bankako Menditarrak kantari
- 17:00etatik 19:00etara Ibarra DJ.
- 19:15etan autobusen irteera



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia