euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Estatu Batuetan artzain ibili ondoren sorterriratu ziren 'amerikanoek' urteroko bilkura egin dute Sunbillan

2009/05/04

Maiatzaren lehenean Sunbillako Ulibeltzak elkartean bildu zen amerikanoen taldea (argazkia EuskalKultura.com)
Maiatzaren lehenean Sunbillako Ulibeltzak elkartean bildu zen amerikanoen taldea (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Sunbillako Ulibeltzak elkartea izan da maiatzaren lehenean, Ameriketan artzain ibili ziren herritarren biltokia. Hogeita hamar 'amerikano' bildu dira urtero bezala maiatzaren lehenean Estatu Batuetako mendebaldean pasa zituzten urteetako pasadizo eta bizipenen kontu kontari. Eguna elkartean bertan eginiko 'amerikar' moduko gosari batekin hasi zen, mendiko ibilbideak eta bazkaria eta afaria ere bildu zituen egun osoko egitarauan. Aurtengoan, Jesus Goldaraz apezaren hutsunea nabaritu zen, azkeneko urte luzeetan urtero parte hartutakoa baitzen Sunbillako ospakizun honetan. Aurtengoan hogeita hirugarren urtea bete du.

Sunbilla, Nafarroa. Giroa, ezinhobea, solasak, etengabeak, eta Ameriketako basamortu eta mendietan koiote eta sugeak protagonista ziren pasadizo artean bizitutako bizipen eta ixtorioak barra-barra. Bizi esperientzia gogorra Estatu Batuetakoa, batez ere etxeko sutondotik atera eta lur arrotz eta bakartira, hizkuntza ere diferente den eremu eta inguru batera joandakoena. Urteak pasatu arren, marka uzten duen esperientzia. Seguruenik errepikaezina, 'mundua izugarri aldatu baita. Pentsa ezazu, mendi galdu haietan gaur egun dauden mugikorrak izan bagenitu; internet amestu ere ez zen egiten orduan', aipatu diote EuskalKultura.com-i Ulibeltzak elkarte sunbildarrean bildutako batzuk.

Hogeita hamar bildu dira aurten. Zaharrena, Elias Huitzi, 'aitatxi', 85 urtekoa, makuluak eta guzti baina bertan zegoena; gazteena, Javier Agirre, 49 urtekoa. Aurreko egunean, Idahon "Rupert eta Soda Springs artean, 2.200-2.300 ardiren ardurarekin zazpi urte" eta "beste 14 hilabete Arizonan, Williams aldean" eman zituen Josemari Arretxeak Estatu Batuetan egiten ikasi zuen 'artzain-ogia' prestatu zuen, "hiru ogi handi eta biribil, hango moldean". Ogia ona eta naturala, urtean behin hango oroitzapenak ekartzen dituena, bildutakoentzat.

Sunbillako Amerikanoak 02

[Josemari Arretxeak Ameriketako 'artzain erara' egindako ogia pikatzen (argazkia EuskalKultura.com)]

2009 Sunbilla 'amerikanoak' 03

[Sunbillako Ulibeltzak elkartean egindako bazkariko ikuspegia (argazkia EuskalKultura.com)]

Sunbillara bildutakoen 'amerikano'en izenak aipatzearren, hona aurten bildutakoak: Fermin Ariztia (Ituren), Alejandro Cordoba (Azpilkueta), Jose Luis Antxordoki (Igantzi), Migel Irigoien (Sunbilla), Josemari Jorajuria (Sunbilla), Fermin Ziganda (Ultzama-Iraizotz), Manuel Ganboa (Sunbilla), Fermin Zelaieta (Sunbilla), Frantzisko Arretxea (Sunbilla), Jose Irureta (Sunbilla), Juan Jorajuria (Sunbilla), Javier Agirre (Sunbilla), Jesus Dicastillo (Tiebas), Eusebio Zelaieta (Sunbilla), Josemari Jorajuria (Sunbilla), Jose Manuel Elizondo (Sunbilla), Julio Jorajuria (Sunbilla), Juan Iaben (Ultzama), Mario Jorajuria (Sunbilla), Jose Iturralde (Azpilkueta), Pedro Irigoien (Sunbilla), Luzio Irazoki (Sunbilla), Eugenio Arretxea (Sunbilla), Elias Huitzi (Igantzi), Manuel Agesta (Sunbilla), Santos Jorajuria (Sunbilla), Josemari Arretxea (Sunbilla), Jesusmari Jorajuria (Sunbilla) eta Juan Luis Alzugarai (Sunbilla). Bazkaria prestatzen-eta ibili ziren Florentino Gelbenzu, Tiburtzio Espelosin eta Pascual Agesta. Postreetan agertu zen Basilio Sarobe apeza, izatez lesakarra baina aspaldi herrian bizi den erretorea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia