euskal diaspora eta kultura
2009/09/18
PUBLIZITATEA
San Diego, Kalifornia, AEB. Isil isilik hil da Kalifornian aita Patxi Aldasoro, azken sei urteotan, tronbosi batek jo zuen ondoren, mugimendua murriztua eta hitza joana, ez ordea memorioa. Gipuzkoako Goierri eskualdeko Mutiloa-n sortua, Estatu Batuetan eman zuen aita Patxik bere bizitza gehiena: zeuzkan 87 urteetatik, 55. Paperez ere amerikanoa zen 1959tik. Euskal Herritik Boisera bertako euskal komunitateari bere hizkuntzan zerbitzatzera etorritako bigarren abadea izan zen, eta lan horretan aritu zen 1954tik 1959ra bitartean. Geroztik, Idahoko klima kaltegarri zitzaiola, Hego Kaliforniara aldatu zen eta bertan aritu izan da apez, zenbait parrokiatan, 1990ko urtarrilean bihotzeko batek jo eta urte horren hondarrean erretiratu zen arte. 1999ko uztailean NABOk plaka eta omenaldia eskaini zion --Estatu Batuetara euskaldunen apez izatera propio bidali zituzten gainerako abadeekin batera-- Renoko Aste Nagusiaren baitan, eta 2000n Boiseko Jaialdin hartu zuen parte. 2003an tronbosiak jo zuen, eta hein batean ezindua gelditu zen, besteak beste hitza galdurik. Urte hauetan guztietan eutsi izan dio familiarekiko kontatuari Euskal Herrian, eta izan ere bere anaia Jexux eta iloba Josu joan den uztailean izanak ziren bera bisitatzen Kalifornian.
Ez zen, ordea, bera izan bere familian Ipar Ameriketara abiatu zen lehena. Bere aurretik aita eta osaba-izebak ibiliak ziren Far-West-ean. Aita, Joxe Bernardo, itzuliko zen Euskal Herrira, baina Colorado, Utah eta Idahoko lurretan geratu zitzaizkion osaba-izebek, lehengusu eta ahaide amerikanoak ekarri zizkioten. Honek zerikusi handia izango zuen geroago bere bizitzan, hauek esanik eta lagundurik iritsiko baitzen Patxi Estatu Batuetara 32 urte zituela 1954ean, lehenago Kuban bi urte eman ondoren.
Patxi Aldasoro Iparragirre Gipuzkoako Mutiloa herrian jaio zen 1922ko azaroaren 21ean. Lehenengo eskolak ondoko Seguran egin eta 1934ean Saturrarango Apezgaitegira pasatu zen eta bertatik Bergarara eta Gasteizera, tartean Espainiako gerla zibila pasatuz. 1947ko ekainaren 29an apeztu zen, Carmelo Ballester apezpiku. Lehenengo destinoa, Arabako Villabuena de Alava/Eskuernaga izan zuen 1948-50ean, eta 1950-51ean, berriz, Gasteizko San Migel. Hori eta gero, 1951ran ikastaro bereziak egin zituen Iruñean eta Madrilen Ameriketara joateko prestatzeko, eta 1952an Kubara joan zen. Habanara joan behar zuen, baina Kubako Santiagora igorri zuten, lehenik Cobre-ko Andre Mariara, ondoren Santiagoko Katedralera, eta azkenik San Andrés de Guabasiabo-ra.
Ordurako denbora zen bazekiela Idahoko apezpikuak aspaldi galdegina zuela apez euskaldun bat Euskal Herrira, Boise eta inguruetako komunitate euskaldunari bere hizkuntzan atenditu ahal izateko. Eskaera hori 1910ean egina zuen lehenengo aldiz Boiseko Glorieux apezpikuak eta ondorioz 1911ean Gasteizko Elizbarrutiak aita Bernardo Arregui tolosarra bidali zuen lan hori egin zezan. Haren ondotik, ordea, ez zen gehiago izana Euskal Herriko apezik Boisen, 1954ean, martxoaren 5ean, aita Patxi --lehenago Utah-ko Price herritik, bere osaba-izeba eta lehengusuen arrantxuan egun batzuk pasatuta-- iritsi zen arte.
Boisen, inguruetan bizi ziren euskaldunen apez jardun zuen orduan 32 urte zeuzkan aita Patxik. Bertako katedral katolikoan bizi zen eta, urtaroaren arabera, asteburuak hirian bizi zirenei eskaintzen zizkien, eta astegunetan, autoa hartu --Boisera iritsi eta bi hilabeteren buruan erosi zioten propio bertako euskaldunek chevrolet bat, berri-berria-- eta inguruko mendietako ardikanpoetan zeuden euskaldunei egiten zien bisita, gauero ardikanpo bat: suaren inguruan bildu, bertako eta Euskal Herriko kontuak aipatu, eta meza. Kanpamentuak handiak eta txikiak izaten ziren, eta hurbil zein urrun zeuden, asko Snake River-en (Suge ibaia) itzulian. Bestalde, euskaldunen urtebetetzetan zorion-postalak bidali ohi zituen, bere bertso batez hornituak. Milaka data eta helbideko koadernoa zeukan, eta egunero 8-10 bat postal bidaltzen omen zituen postaz.
Bost urte eman zituen Boisen aita Patxik. Bertako klimak kale egiten ziola-eta, Hego Kaliforniako aire eztiagotara aldatu behar izan zuen. San Diegoko St. Didacus elizan aritu zen 1966ra arte, ondoren St. Bernardino Ospitalean 1976 bitartean, segidan El Centro-ko Our Lady of Guadalupe-n, 1983ra arte, eta San Ysidroko Our Lady of Mt Carmel-en 1990era arte. 1990eko urtarrilaean bihotzeko ebakuntza jasan zuen eta urte hartako uztailean erretiratu zen lanetik, ondoko Escondido herrira.
Erretiroa harturik lasai bizi izan zen, bere lorategia eta fruta arbolak landuz. Gozatu egiten zuen baratzean eta harro zegoen bertatik ateratzen zituen frutez. Urte hauetan guztietan, saiatu izan zen bi urtero-edo Euskal Herrira itzultzen, eta astero telefonatzen zuen etxera. 1999an, NABO Estatu Batuetako euskal federazioak, bertako euskaldunen izenean, plaka eta omenaldia eskaini zizkion Renoko Aste Nagusian, Euskal Herriko Elizbarrutietatik AEBetara, propio euskaldunen zerbitzura etorri ziren gainerako apaizekin batera. Ez zen bera omenaldi zale, eta kostata baina onartu zuen azkenean bertan egotea. 2000ean, berriz, garai bateko Idahoko bere parrokianoekin biltzeko aukera izan zuen, Boiseko 'Jaialdi' euskal elkarretaratze handira bertaratu baitzen.
Gizon ona izan da. Lagunak egin zituen Estatu Batuetan eta Euskal Herrian ez zituen batere eten harremanak familiarekin. Hemen eta han, lagundu ahal izan zituenak lagundu zituen, propaganda askorik gabe. Ordura arte berak egin bezala, 2003ko maiatzean tronbosia izan zuenetik, bere anaia Jexux zen berari Euskal Herritik telefonatzen ziona, aita Patxik orduan jadanik hitz egin ezin bazuen ere, gogotik entzun izan baititu azken urteotan bere anaiak astero kontatu izan dizkion kontu eta pasadizoak.
Izan ere, joan den uztailean, hil baino hilabete gutxi batzuk lehenago izan zituen bisitari Kalifornian aita Patxik Jexux bere anaia eta Josu iloba, Jexuxen semea. Momentu gozo paregabeak izan ziren aita Patxirentzat, azken agur alai baten modukoak. Goian bego, aita Patxi.
(Aita Patxi Aldasoro Iparragirreren aldeko meza elizkizunak Mutiloa bere sorterrian egingo dira irailaren 27an, igandea, 13:00etan)
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus