euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Estatu Batuetako Fisikarien Elkarteak bere 2020 Fellow sari bat eman dio Blas Uberuaga fisikari euskal amerikarrari

2020/10/16

Fellow sari hau fisikariek euren kolega fisikariei ematen dieten aintzatespena da
Fellow sari hau fisikariek euren kolega fisikariei ematen dieten aintzatespena da

PUBLIZITATEA

Los Alamos, AEB. Ikerketa, berrikuntza, fisika aplikatzea zientzia eta teknologiari edota irakaskuntza alorretan eginiko ekarpen bikainengatik saritzen du urtero American Physical Society (APS, AEBetako Fisikarien Elkartea) erakundeak bere Fellow sariekin. Aurten Los Alamosko Laboratorio Nazionaleko (LANL) sei ikertzaile nabarmendu ditu, Luis Chacón, Andrea Favalli, Ralph Menikoff, Andrea Palounek, Nikolai Sinitsyn eta Blas Uberuaga. Blas Uberuaga, hain zuzen, APSko Fisika Konputazional izendatu zuen "dinamika molekular azeleratuko metodoak garatzeagatik eta aplikatzeagatik erradiazioaren efektuak materialetan ulertzen, oxido konplexuak amortizatzeko erresistentzia barne, eta mekanismo bat aurkitzeagatik akats puntualak berreskuratzeko interfazeetan" (ikus bera buru duen Future proiektua).

Estatu Batuetan Munitibarko (Bizkaia) euskal emigrante baten seme. Blas Uberuagak 2000n lortu zuen fisikako doktore gradua Washingtongo Unibertsitatean, eta ia berehala New Mexikoko Los Alamos Laborategi Nazionalean sartu zen. Uberuagak ordenagailu bidezko simulazioak erabiltzen ditu materialak eskala atomikoan aztertzeko eta erradiazioari nola erantzuten dioten ulertzeko. Bere lanak funtsezko ikuspegia eskaintzen du erreaktore nuklearren moduko muturreko inguruneei materialek ematen dieten erantzunei buruz.

Gurasoek irakatsitako lan etika

Gaur egun, Estatu Batuetako Energia Departamentuak finantzatutako proiektuak zuzentzen ditu, erradiazioaren eta korrosioaren ondorioen arteko sinergiak ikertuz, baita ere erradiazioak eragindako kalteak material konplexuen garraioan duen eragina. Uberuagak ustez klima-aldaketa gure planetak aurre egin beharreko erronka handienetako bat da eta energia nuklearra arazo horri ekiteko beharrezkoa den ikuspegi integraleko osagai bat da.

EuskalKultura.eus-ekin solasean, Blas Uberuagak adierazi du sari hau ez duela soilik errekonozimendu zientifiko gisa ikusten, baizik eta omenaldi gisa bere ibilbidean lan egitea tokatu zaion gizon-emakume handi guztiei, eta baita bere familiari ere, bereziki emazte duen Lisa Van De Graaff-i. "Nire aita Munitibarren jaio zen, Bizkaian, eta 18 urte zituela iritsi zen herrialde honetara, bizimodu hobe baten bila. Berak eta nire amak gogor lan egin zuten guri aukerak emateko. Nire arrakasta, neurri handi batean, berak, hainbat etorkinek bezala, niri eta nire anaiei irakatsi zigun lanaren etikari zor zaio", esan du.


Blas Uberuaga bere emazte Lisa Van De Graaff eta alaba Rosetta Uberuagarekin

Gogora dezagun Blas Pedro Uberuaga --ezagunagoa internauta askorentzat, Buber gisa-- izan zela interneten lehenengo euskal webgunea sortu zuen pertsona, Washingtongo Unibertsitatean ikasten ari zela euskaldunen, euskal kulturaren eta diasporaren inguruko edukiak biltzen joan zen orri aitzindaria bideratu baitzuen. Bere bizitzaren egungo fasean bere zeregin profesionalek eta familiak denbora gehiena kentzen badiote ere, topatzen du denbora oraindik Buber.net-en topa daitekeen bere webgunea mantentzeko.

Ipar Ameriketako euskal komunitatearen baitan, Blas Uberuaga Washington Estatuko Euskal Etxeko bazkide eta buruzagia ere izan zen, han bizi zen bitartean, baita New Mexicoko Euskal Etxekoa ere, 2001ean estatu horretara behin betiko bizitzera pasatu zenetik bertan EEa sortzea ezarri baitzuen helburu, bere emazte Lisarekin batera, eta baita lortu ere.

Egun, badira Euskal Herrian bere izena daramaten sariak (Buber Sariak), urtero webgunerik onenak saritzen dituztenak. [Bide batez, 2013an, EuskalKultura.eus-i (orduan EuskalKultura.com) eman zioten euskarazko webgune onenaren Buber Saria.]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia