EuskalKultura.com. XIX. mendetik hasita, AEBetako San Francisco eta Los Angeles bezalako hiriek beren euskal pilotalekuak izan dituzte, Euskal Herritik heldutako emigranteek eraikiak. Euskal komunitateak sortu ziren herrietan ez zuten denbora gehiegi behar izan euskaldunek pilota kantxak inprobisatu edo eraikitzen hasteko.
Jai-Alaiaren fenomenoaz aparte --gehien bat Florida, Connecticut, Rhode Island eta Nevadan--, Kalifornia estatuko hainbat herrik euskal kantxak izan dituzte, Nevada, Idaho, Oregon, Utah, Arizona, Colorado, Wyoming eta Washingtonen ere hala gertatu izan zen.
Garai bateko euskal komunitatea desagertua den herri batzuetan pilota-ondare arkitektonikoa ere galtzeko zorian dago, hala nola Arizonako Flagstaff-en edo Utah-ko Ogden-en. Beste toki batzuetan, pilotaleku zaharrak berritu egin dira, hala nola Coloradoko Grand Junctionen, Idahoko Boise eta Mountain Homen, eta Oregoneko Jordan Valleyn.
Eskuzko pilotak historia aberatsa dauka Estatu Batuetan, hein handi batean ikertzeke dagoena.