euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AEBetako adituak Simon Berasaluce debatarrak New Jersey-n egin zituen beirate koloreztatuak berreskuratzen ari dira

2008/06/10

Bayonne herriko St. Paul elizan Simon Berasaluceren beiratea
Bayonne herriko St. Paul elizan Simon Berasaluceren beiratea

PUBLIZITATEA

‘Argia edertzen zuen artista' bezala ezaguna zen New Yorken Simon Berasaluce debatarra eta bere artearen aztarna utzi zuen artistak New Jersey eta New Yorkeko eliza askotan. Ameriketara 1952ean heldu zen Berasaluce eta urte luzez lan egin zuen bertan, gehienbat Ekialdeko kostaldean: Boston, Filadelfia, Cleveland... 1993an zendu zen Donostian, baina orain hainbat aditu bere lanaren garrantzia azpimarratzen hasi dira. Emilia Doyagaren eskutik New Yorkeko Euskal Etxeak txangoa egin zuen New Jerseyko hainbat elizatara joan den larunbatean bere lana ezagutzeko.

New Jersey, AEB. Jersey Chonicle aldizkariko kazetari eta arte aditua, John Gomez, izan zen urte hasieran Berasaluceren lana goraipatzen lehena. Artista debatarraren lanak Hudson County-ko eliza askotan ikus daiteke, New Yorketik oso gertu.  ‘Bayonne-ko St. Henry's, Jersey City-ko St. Peter's eta West new York-eko St. Augustine's artelanak dira', zioen Gomezek, 'eta denek amakomunean dutena erdiaroko ukitua zuen maixu moderno batek eginiko beirate koloredunak dira'.

Bestalde, New Yorkeko Euskal Etxeak joan den larunbatean txango berezi bat antolatu zuen elkarteko kideek eta hainbat komunikabidek euskal artistaren lana zuzenean ezagutzeko aukera izan zezaten. Emilia Doyaga euskal amerikarra izan zen ideiaren sustatzailea eta txangoak Newarkeko Artxidiozesiaren baimena lortu zuen New Jerseyko hainbat eliza bisitatu ahal izanteko. Ibilaldiaren egitarauan Hiemer estudioetan, 20 urtez Berasaluceren lantokia izan ziren lekuan, geldialdia ere agertzen zen. 

Sacre Cour-eko beirateak

Simon BerasaluceAuñamendi Entziklopediak azaltzen duenez, Berasaluce Deban jaio zen 1912ko apirilaren  25ean. Gaztetan arte sakratua ikasi zuen Bartzelonan eta 1931an beirateen munduan hasi zen Madrilen, B. Kruppel maisu alemaniarrarekin. Kruppelekin Sevillan lanean aritu zen katedraleko beirateen berritze lanetan. Gero ikasketak jarraitu zituen Pariseko Maumejean etxean eta 12 urtez bertan egin zuen lan.

1945 urtean Montmartreko Sacre Coeur eliza ezagunerako egin zituen proiektuek saria jaso zuten Pariseko Arte Eder Eskolan eta bere beirateak hiriko Carnavalet Museoan izan ziren ikusgai. 1952an AEBtara joan zen eta New Yorken Joep Nicolas holandarrekin egin zuen lan AEBetako eliza eta sinagogetarako. Bere lan nagusien artean Princetongo St. Paul's Church-eko beirateak daude. Donostian hil zen 1993ko martxoaren 11an. [Eskubiko irudian Simon Berasaluce artista euskalduna New Yorkeko Hiemer estudioen parean]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia