Elko, Nevada, AEB. Udako euskal piknik eta festen sasoiak segitzen du Estatu Batuetan, eta asteburu honetan, Elko Nevadan, 59. Urteroko Euskal Jai Nazionalak eta, Chino Kalifornian, South California Basque Club (SCBC) EEa antolatzaile duen urteroko 77. Euskal Bestak emango diote ongietorria uztailari euskal komunitateko eta inguruko hainbat jenderen biltzaile. Gaur ostiraletik hasita, Elkoko euskal jai ospetsuak bustiko du Nevada iparraldeko hiri hau; eta Chinon, bihar pilota partidek eta girotzen hasteak bidea egingo diote ondoko eguneko piknik egunari.
Urtero asteburu berean izan ohi dira Elkoko euskal jaiak eta 'La Puente'ko piknika. Aurtengo egitarauari dagokionez, gaur arratsaldean bertan, Elko erdigunean dagoen Ogi Deli euskal taberna eta jatetxearen inguruan 16:30etatik aurrera antolatu den festak markatuko du euskal jaien hasiera. Zuzeneko euskal musika bertako musikarien eskutik, txorizoa, paella, euskal sagardoa, kalimotxoak, pintxoak eta euskal festetako gainerako osagaiek bat egingo dute aurten jabe berriak estreinatu dituen Ogi Deli barne eta kanpoaldean.
Elko osoa ukitzen duten jaiak
Uztailaren 1ean, goizeko 7etan Elkoko Euskal Etxetik abiatuko da euskal jaietako larunbat-igandeko egitaraua 5K lasterketa / ibilaldiarekin (izen-ematea bertan, 6:30etan), 8:00etan Golf Txapelketa jokatzen hasiko da (izen-ematea 7etan) eta 8:00etan Mus Txapelketa (izen-ematea 7:00etan). Eta arratsaldez, 'bestatsuagoa' den egitarauari emango zaio hasiera, Euskal Etxean bertan, euskal dantza eta kirol emanaldiekin, taberna, janaria eta erakustaldiekin, gaueko 9etatik aurrera berbena, bala edo erromerian sartuz, euskal-amerikar erritmoak gogor astinduz.
Igandean, Euskal Etxearen eraikina eta bere esparrupean dauden zelai eta instalazioak izango dira berriz ere gertaleku. Goizeko 10:00etan, Ogi Lehiaketa, euskal artzainen tradizioari jarraiki. 11:00etan, Meza Katolikoa, euskaraz eta ingelesez, aita Antton Egiguren emaile, zuzenean Facebookez transmitituz; 12etan ekingo zaio piknikari, AEB Mendebaldeko euskal estiloan, 20 dolarretan (menua: behiki, ardiki eta txerrikia, babarrunak, paella, entsalada, ardoa, ogia, postrea... guztia EEko sukaldari bolondresek prestatu eta zerbitzatua).
13etatik aurrera, erakustaldi eta emanaldiak, dantza, kirolak, musikariak, etab.; eta hauek bukatutakoan, 15:00ak aldera, irrintzi lehiaketa, zahato norgehiagoka eta euskal dantza lehiaketa, izen-emateak bertan. Ahaztu gabe larunbatean, Uztailaren 4ko kabalkada edo desfilea egingo dela Elkoko kaleetan zehar [hainbat urtez Euskal Etxeak antolatua, eta aurten, lekukoa pasaturik, lehenengoz beste elkarte elkotar bat arduradun izango duena, Silver State Stampede] eta asteburu osoan hiriko euskal jatetxeak jendez gainezka ibiliko direla, horien artean Star Hotela bera, 1910ean eraikia eta geroztik beti euskal eskuetan egon dena eta gaur bertan 18:30etatik 21:30etara euskal musika zuzenean izango duena, Mercedes Mendive elkotarraren eskutik.
Chinon SCBCen euskal besta
Kalifornia aldean, ostera, Southern California Basque Clubek igandean egingo du gehienbat bere besta, guztia larunbatean Aphessetchetarren trinketean egingo diren pilota partidekin giroa berotu eta jendea biltzen hasiko delarik, hemen ere bertako Centro Basco euskal jatetxea, herriko Fairgrounds edo azokalekuarekin batera, euskaldunen biltoki izanik. Pilotari eskainitako hasiera honetan, larunbatean, 14:00etan traguak izango dira eta 15:00etan partidak hasiko, seguru animazio handiarekin. Ondoren giroa Centro Bascora pasatuko da.
Igandean, jarduera osoa azokalekuan egingo da. Goizeko 11:30etan meza izango da, euskal dantzariek eta klikak edertuta; 13etan, euskal saltokiek euskal produktu, mozkin, diseinu eta artikuluak erosgai izango dituzte; ordu berean, lukinka sandwitxak ipiniko dira salgai, eta taberna zerbitzua egongo da; 14etatik aurrera, euskal dantzarien erakustaldia; 17etan, afaria, arkume barbakoarekin (helduek 25 dolar, haurrek 12), eta 18:30etan dantzaldi publikoa, Jean Flesher buru duen Amerikanuak bandaren aire euskal-amerikarrekin.
On egin!