Boise, Idaho, AEB. Jose Mari Gorroño, Gernikako alkatea, eta aita Antton Egiguren, AEBko euskaldunen omonier edo kapilaua, dira Boiseko Cenarrusa Fundazioaren urteroko Cenarrusa Sarietako 2021eko hautatuak. Saria abendu oro, Pete Thomas Cenarrusa hautetsi eta buruzagi euskal-amerikarraren jaioteguna zen 16arekin bat eginez adierazten dute Boisen, Cenarrusak hezurmamitu eta gorpuztu zituen zerbitzu publiko balioen, integritatearen, euskara eta euskal kulturaren edota eskubide zibilen defentsan nabarmendutako pertsonei.
Sarituak, Euskal Kulturaren aldeko Cenarrusa Fundazioaren Zuzendaritza Batzordeak aukeratzen ditu, publikoak Fundazioaren webgunean urtero urriaren lehenetik azaroaren 15era bitartean utzitako hautagaien artean. Hautagaiak norbanakoak zein elkarte edo erakundeak izan daitezke, Estatu Batuetakoak zein atzerrikoak.
Cenarrusa Awards edo Cenarrusa Sariak 2020an sortu ziren, eta estatuatxo bat eta mila dolarreko zuzkidura daukate. Lehenengo edizioan, Anita (Anacabe) Franzoia (Estatu Batuetako atalean) eta Juan Jose Ibarretxe lehendakaria (nazioartekoan) saritu zituzten.