euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaurtik hasita eta datorren asteko asteburura arte, mundu osoko euskal etxeak ospatuko dute San Juan sua

2009/06/19

'Sorgiña'-ren erretzea Necochean. Ikus zenbat metroko altuera hartzen duen, euskal dantzariak inguruan dantzan ari zaizkiola
'Sorgiña'-ren erretzea Necochean. Ikus zenbat metroko altuera hartzen duen, euskal dantzariak inguruan dantzan ari zaizkiola

PUBLIZITATEA

Kristoaurreko festa erlijio arropez jantzia. San Juan bezperan --udako edo neguko solstizioan-- Ipar Hemisferioko egunik luzeena ospatzen da eta Hego Hemisferioan, berriz, laburrena. Ohiturak markatzen duenez, San Juan bezperan suak piztuko dira Euskal Herriko hamaika txoko eta plazetan. Munduko euskaldunek ere, tradizio honi eusten diote eta hau dela eta gaur gauetik aurrera datorren asteburuko larunbat-igandera arte, munduko zenbait euskal etxek suaren erritoa errepikatuko dute, hala nola, besteak beste, Argentina, Mexiko, Katalunia, Uruguai, Espainia, Estatu Batuak eta Venezuelako bazterretan.

Donostia-San Sebastián. San Juan sua pizteko ohitura antzinakoa da. Ez dago zehatz jakiterik, baina Euskal Herrian betidanik ezagutu izan den eguzkia gurtzeko erritoa da. Ipar Hemisferioan urteko egun luzeena ospatzen da eta Hego Hemisferioan, berriz, motzena. Euskal Herriko hamaika txokotan suak piztuko dira eta honen inguruan San Juan suari eskainitako dantza egingo da. Ohitura honi, batera edo bestera, eutsi egin diote munduan zehar barreiatuta dauden hamaika euskaldunek eta euskal etxek. Tradizioak dio, sua izpiritu gaiztoak uxatzeko pizten dela. Horrela, gazteek suaren gainetik hiru aldiz egin behar dute salto euren arima garbitu eta urte on bat izateko. Zenbait lekutan ere, San Juan sura botatzen dira oroitzapen txarrak eragiten dizkiguten objektuak, gauzak onerako alda daitezen. Sineskerien artean bada beste bat: honek dio paper batean idatzi behar dugula lortu nahi dugun zerbait eta San Juan sura jaurti. Suposatzen da paperean eskatutakoa urtean zehar beteko dela.

Sineskeria edo tradizio horiek guztiz edo zatika eurenganatuz, munduko hamaika euskal etxetan San Juan gaueko sua piztuko dute. Leku batzuetan propio ekinaren 23ko gauean, baina beste askotan aurreko edo ondoko asteburuan. Izan ere, biharamunean lanera joan beharra baitago.

Chivilcoy, berreskuratutako tradizio bat

Euskal Etxe batzuetan data aurreratu, eta gaur gauean bertan piztuko dute sua, nahiz eta, egia esatearren, aurtengoan izan da San Juan beste inor baino lehenago ospatu duenik, eta hori Argentinako Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxea izan da, ekainaren 15ean --jai Argentinan--, astelehenez, egin baitzuen bere festa. Arratsaldeko hiru t'erdi-lauetan hasiz, Euskal Etxe aurreko Gernika Plazan gauzatu zuen, famili giroan, musika, soka-tira, jokoak euskal dantzak, kantariak eta beste hainbat osagaiz, ondoren, gaua heldutakoan San Juan panpina erretzeko --laupabost metroko panpin erraldoia-- eta bi metroko altuera duen sorgina ere surtara botatzeko, eguneko ekitaldia suziri eta etxafuegoekin bukatzeko.

Beste batzuek bihar larunbata aukeratu dute aurtengo San Juan festarako. Hala nola Buenos Aires hiriburuko Iparraldeko Euskal Etxe edo Centro Vasco Frances delakoak. Euskal Etxe honek gaueko bederatzi t'erdietan deitu ditu bere bazkide eta lagunak bere egoitzako trinketean. Bertaratuko direnek leizezulo edo harpe bat izango balitz bezala apaindua topatuko dute espazio hori, tartean sorinak, apoak, sugeak... Pintxo afari bat eskainiko da eta partaidetza jokoan egingo dira, gauerdian San Juan sua piztu arte. Orduan, bakoitzak egur pusketa bat izango du eskuragai eta nahi dutenek euren izena eta desio edo xede bat idatziko dute, ondoren surtara bota eta bete dadin.

Necochea, Madril, Resistencia...

Buenos Airestik 500 bat kilometrotara, Necocheako Euzko Etxeak ere bihar larunbata ospatuko du San Juan festa, 'Sorgina erretzea' izanik ospakizun horretan gailendu den partea. Hemen ere panpin erraldoi bat eraikitzen dute --la Sorgiña, gaztelaniaz ere-- eta erre egiten dute. Ekitaldi berean euskal etxeko dantza taldeak dantzatzen du suaren inguruan, Sorgiña kixkaldu eta erabat desagertu arte.

Geuk ere jauzia emanez, Europaraino, Madrilgo Euskal Etxeak, esaterako, berez San Juan bezpera den egiazko eguna eta momentuarekin batera egiten du urtero ospakizuna, ekainaren 23an alegia, aurten asteartez. Ohitura sortu dute Madrilen Casa de Campo delakoko Gipuzkoa jatetxean bapo afaldu eta ondotik, aire librean, noski, sua piztea, suaren gainetik ohiko salto eta jauziak emanez. Resistencian, ostera, Chaco probintzia argentinarreko hiriburuan, datorren asteburuan, ekainaren 26an, ostirala, ospatuko dute, aurreko beste urte batzuetan baino pixkat apalago, baina ongi ospatuz, gaueko bederatzi t'erdietatik aurrera, paellada bat tarteko, zozketak, sorgin-jokoak, dantzak eta 'ustekabeko' bat barne.

Caracas, Tandil, Carabobo, Cañuelas, Montevideo, Gral Roca...

Izango da, azkenik, guztia datorren asteko larunbateraino atzeratuko duenik. Hala nola caracaseko Eusko Etxea, Venezuelan, ekainaren 27an egingo baitu San Juan festa Euskal Etxeko frontoian. Ospakizuna 20:00etan hasiko da pintxoz osatutako afari batekin eta ondoren sua piztuko da frontoian, gazte, zahar eta haurrei ere su gainetik saltatzeko aukera emanez, kasu emanez eta haurren kasuan oso su txiki batekin. Beste euskal etxe eta euskal gizatalde batzuk aipatutako datetako batean ospatuko dute San Juan festa, bakoitza bere modu eta ezaugarri bereziekin, euskal jatorrizko eta dauden tokiko elementuak bilduz askotan. Besteak beste hala egiten dute edo egin izan dute Mexikon, Tandilen, Suipachan, Elkon, Carabobon, Cañuelasen, Montevideon, General Rocan...

Deialdi hauek guztiak berreskuratutako edo leku eta baldintza berrietara moldatutako tradizio baten adibide dira. Eta zuk, idatzi al duzu honez gero papertxo batean betetzea nahi duzun guraria, surtara bota eta urtebeteko epean gauza dadin?



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia