euskal diaspora eta kultura
2009/10/05
PUBLIZITATEA
Las Flores, Argentina. Hogei urte beteko ditu datorren urtean Argentinan Euskaraz proiektuak eta ohi bezain indartsu jarraitzen du. Programaren barruan urtero egiten diren bi ikastaro trinkoak egin dira; negukoa ostiralean bukatu berri da eta parte hartu duten ikasle-irakasleak pozik bueltatu dira euren herrietara, ikasitako guztia euren ikasleekin partekatzeko asmoz.
[Imagen del barnetegi, coordinado por Kinku Zinkunegi, el primero por la izquierda (foto EuskalKultura.com)]
Egunotan, beste hainbat ekintzen artean, irailaren 26an sinatu zuten HABE eta FEVAk 2009/10 ikasturterako hitzarmena. HABEren aldetik, Institutuko zuzendari nagusia den Eugenio Mujika, eta FEVAren aldetik Felipe Eiheragibel erakunde euskal-argentinarraren lehendakariak. HABEko zuzendari berria denez, Mujikarentzat, FEVArekin sinatzen duen lehenengo hitzarmena da hau. Bertan jasotzen da 2009ko urtarrilaren 1etik 2010eko irailaren 30a bitartean Argentinan Euskaraz-en baitan emango diren eskola-orduak, hauei dagokien diru-laguntza eta bertako irakasleak trebatzeko HABE eta FEVAk trebakuntza-plana adosteko bidea.
BOGA berria jadanik abian
Bestalde, eta barnetegiaren inguruan, Jose Francisco Zinkunegik, BOGA koordinatzaileak, programari buruzko ikastaro bat eman zien Argentinako tutoreei irailaren 26 eta 27an. Programari dagokionez, BOGA berriak erabat internet teknologian oinarritzen dela dauka ezaugarri eta bertarako sarbidea web bidezkoa dauka baita ere. Horrek esan nahi du erabiltzaileak ez duela inongo exekutagarririk instalatu behar, ezta CDrik ere, orain arte bezala. Pasahitz bat nahikoa du edonondik, bere ordenagailutik edo ziber batetik, bertara sartu eta erabiltzeko. Aipatzeko beste abantaila bat, mantenu gastuak desagertu egin direla, hau da, orain artean euskaltegi edo euskal etxe bakoitza, bere ikasleek izan zitzaketen arazoei aurre egiteko mantenu zerbitzu bat eskaintzera behartua zegoen. Orain, HABEk erabat bere gain hartzen du programaren mantenua.
[Fiesta de despedida del barnetegi, con actuación de los dantzaris del Centro (foto EuskalKultura.com)]
Bertsio berri hau 08/09 ikasturtearen hasieratik martxan egon da aurreko bertsioarekin batera, pilotu gisa. 2009ko ekainaren 30etik aurrera, aurreko bertsioa erabat itzali da eta BOGA berrira migratu dira lehengoa erabiltzen zuten ikasle guztiak. Programa euskara ikasi nahi duen edonori zuzenduta dago, eta bereziki euskaltegietara joateko zailtasunak dauzkatenei. Azken hauek etxetik edo lantegitik erabili dezakete eta ohiko ikasleen kasuan, berriz, beren ikasprozesuaren osagarri aproposa izan daiteke.
BOGA Argentinan
Argentinaren kasuan, 2009ko martxoan, FEVAk eskatuta, oinarrizko trebakuntza on-line ikastaro bat eskaini zuen HABEk. Bertan, 7 tutore trebatu ziren. Orain, Las Flores-en bukatu berria den barnetegia testuinguru, FEVAk tutore horien zalantzak argitzeko eskatutako sakontze ikastaro bat gauzatu da eta, bertan, 10 tutorek hartu dute parte. Argentinan, dagoeneko 75 erabiltzaile daude. Dena dela, benetako zabalkundea datorren ikasturtean izango da. Argentinatik kanpo, Brasilen, Uruguain, Txilen, Estatu Batuetan, eta Quebec-en ere erabil daiteke. Europako euskal etxe guztiek eskain dezakete eta Australian Sydneyko euskal etxeak eskaintzen du dagoeneko. Munduan zehar, 6000 ikasle inguru daude. Dena den, eta nahiz eta orain erabilera errazagoa izan, erabiltzeko modu bakarra euskal etxe edo euskaltegi baten bidez egitea da. Horrela bakarrik eskura baitezake erabiltzaileak pasahitza.
Lotura interesgarriak
HABE, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze Erakundea
www.habe.org
FEVA, Argentinako Euskal Erakundeen Federazioa
www.fevaonline.org.ar
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus