euskal diaspora eta kultura
2008/08/06
PUBLIZITATEA
Arrecifes, Argentina. Topaketa aitzindari honen lekuko, EuskalKultura.com-ek barnetegia bisitatu eta bertan partaide izan diren ikasleekin hitz egiteko aukera izan du, euren iritzi eta ikusmoldeak biltzeko.
Oskar Goitiak 49 urte ditu eta, berez, Donostian jaio zen, baina hiru urterekin familiarekin batera Brasilera aldatu zen. Gaur egun San Pablon --Argentinan San Pablo esaten zaio Sao Paulori-- bizi da eta nahiz eta egin berria duen Lazkaoko barnetegian ikastaro trinkoa, hasi berria da 'Euskara Munduan' proiektuan. “Brasilen gauden euskaldun gehienok euskara gutxi dakigu. Niretzat erronka handia izango da hemen ikasi dudan guztia han irakastea. Dena den, nire ustez, ikasteko erarik onena irakastea da eta bakoitzak dakiena irakatsi behar du, gutxi jakin arren. Brasilen euskara ikasi nahi duen jende asko dago eta horien artean jatorri euskaldunik ez duen jende mordoa. Une honetan hamar ikasleko hiru talderen irakasle naiz”.
Txiletik, lau ikasle etorri dira Arrecifesera. Alvaro Montes de Ocak 29 urte ditu eta aurretik Santiagora hurbildutako irakasle euskaldunekin eginak zeuzkan ikastaroak. Bere esanetan, “hona etortzeak euskara ikasteaz gain, Hego Ameriketako beste ikasle batzuen iritziak ezagutzeko eta eskarmentu hori konpartitzeko aukera eman digu. Hemen ohartzen gara guztiok antzeko beharrak eta jakin-minak dauzkagula”, dio. Santiagokoa da baita ere Rodolfo Reyes, 37 urteko ingeles interpretea. Ikastaroaren alde metodologikoak azpimarratzen ditu berak, abantail: “Nik urte batzuk daramatzat ikasten, batzuetan irakaslearekin eta beste batzuetan irakaslerik gabe. Niretzat klaseak nola antolatzen diren ikustea garrantzitsua izan da oso, alegia, ikasketa-prozesuari nola ekin”. Alvaro eta Rodolfo irakasle aritu izan dira dagoeneko eta euren euskara maila altua denez Diaspora II taldean hasi dira.
[Arrecifeseko barnetegiko eta Diaspora II taldeko ikasle eta irakasleak]
Carlos Costa Irigaray montevideoarra ere, 29, Diaspora II taldean dago. Haize Hegoako irakasleekin jartu izan ditu klaseak. "Asko ikasi dugu ikastaro honetan", esaten digu. "Taldearen maila oso ona izan da eta nire ikaskideek esan bezala, oso aberasgarria da eskarmentuak banatzea eta besteen ikuspuntuak ezagutzea. Euskal Herritik etorritako immigrazioak hemengo herri bakoitzean kutsu ezberdina hartu zuen eta testuinguru hori ezagutzea interesgarria da”, azaldu digu Carlosek bere ezaugarri landua den doinu zuberotarrarekin. Bere amona hangoa zen, Etxebarrengoa, eta harengandik ikasi zituen berak lehengo hitzak euskaraz. Geroztik aberastu duen ondare hori besteei helaraztea dauka orain berak helburu.
Carina Fernandez, 34, Carlosekin batera arituko da Haize Hegoan. Jadanik txikiekin ari da, jokoekin eta aisialdi jardueretan, baina bere asmoa jarduerok euskaraz garatzeko gai izatea da. “Hona etorri baino lehen geure euskal etxeko EGA tituludunekin elkartu ginen zenbait gauza finkatzeko, baina batez ere remotoarekin ikasi dut orain arte”, azaltzen du.
Kolonbian euskara abiatuz
Errepikatzen diren hitzak erabiliz, Alejandro Cadena 24 urteko kolonbiarrarentzat ere barnetegiarena "oso bizipen aberasgarria" izan da. "Kolonbian euskara ez d(el)a oso ezaguna", azaltzen du eta izan ere "ikasteko aukera gutxi egon denez, orain artean ez da egon jende asko ikasteko prest", aitortzen du. "Hemen egonda konturatu naiz zein garrantzitsua den euskara euskaldunon ondorengoentzat. Nire asmoa Kolonbiara heltzean hemen ikasitako guztia erakustea da”. Programa honekin hasi arte, Alejandrok euskararekin izan zuen kontaktu bakarra Bogaren bidez izan zen.
[Ezkerretik eskubira Lilian Borquez, Comodoro Rivadaviakoa, Argentina; Carina Fernández, Uruguaikoa; Alejandro Cadena, Kolonbiakoa; Alvaro Montes de Oca, Txilekoa; Oskar Goitia -- txapelduna -- Brasilgoa; Rodolfo Reyes, Txilekoa; eta Carlos Costa, Uruguaikoa (argazkiak EuskalKultura.com) ]
Argentina ez diren tokietatik Arrecifesera etorri direnak aipatu dira orain artean eta beste herrialde batetik Argentinara euskara ikastera deigarria izan badaiteke, Argentinan bertan badago ikasle bat 1.800 km egin dituena barnetegian parte hartzeko. Hori da Lilian Borquezen kasua. Lilian Comodoro Rivadaviakoa da, Patagonian, eta bere ikaskide gehienak bezala martxoan hasi zen ikastaro remotoarekin. Lilianek ez dauka arbaso euskaldunik baina hizkuntzak ikastea gustukoa du: “Hizkuntzak gustatzen zaizkit, beraz, orain dela lau urte Comodorora euskara irakaslea joango zela jakin nuenean, berehala eman nuen izena. Alabaina orain ez dago klaserik. Euskal etxearen helburua datorren urtean talde berri bat irekitzea da eta ni neu arduratuko nintzateke”.
Joan den astean Arrecifesen antolatu zen barnetegia ez zen estreinekoa izan, ordea, ikasleentzat bakarrik. Bi irakasle berrik ere klaseak emateko aukera izan dute, Kinku Zinkunegi HABEko teknikariaren, eta Iraia Saez de Viteri eta Gabriela Mendiaren laguntzaile. Cecilia Cenoz eta Natalia Hormazabal aurreko Diaspora II taldekoak dira eta Lazkaon eman dituzte, programa medio, aurtengo lehenengo sei hilabeteak euren euskara sakontzen. Biek gainditu zuten HABEko bigarren profila eta talde berriaren irakasle bihurtu dira.
Euskal Etxe anfitrioari dagokionez, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat-eko arduradunak oso pozik daude emaitzekin. “Guretzat atsegin handia izan da ikasle eta irakasleak hemen eukitzea. Gure etxea beti dago zabalik edonorentzat, euskaltzaleentzat bereziki, baina hain urrutitik etorritako jendea hona biltzea", aipatu diote EuskalKultura.com-i Zuzendaritzako kideek, "sekulako plazera da guretzat eta espero dugu neska-mutiko guztiak asko ikasi izana".
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus