euskal diaspora eta kultura
2011/05/18
PUBLIZITATEA
Zizur Zendea, Nafarroa. "Sekulako esperientzia", horrela laburbiltzen du Fernardo Garciak, Erreniega abesbatzak Kubara egin berri duen bira. Iragan apirilaren 19an abiatu ziren irlara, eta Santiagon lehenik eta ondoren Habanan egin zituzten emanaldiak. Koruko zuzendaria, Yaritza Farah Nuñez gaztea, kubatarra da, eta bere kontaktuei esker jaso zuen talde nafarrak Santiagoko Orfeoiarekin eta hiriburuko talde batekin kantatzeko gonbitea.
"Santiagoko emanaldia oso hunkigarria izan zen, Yaritza bertakoa da eta", azaltzen du Garciak. Talde nafarrak Santiagoko orfeoiarekin batera bi abesti oso berezi kantatu zituen: Laboaren 'Txoria txori' eta Javier Bustos hondarribiarraren 'A tu lado' habanera. "Aldez aurretik prestatu genituen, partiturak e-mailez Kubara bidaliz", dio Garciak.
[Erreniega abesbatza Santiagon entsaiatzen, Yaiza Farah Nuñez zuzendariaren gidaritzapean (argazkia Erreniega)]
Irlako euskaldunekin ere biltzeko astia izan zuen taldeak, eta Habanako Centro Vasco jatetxean egin zen Aberri Eguneko jaian parte hartu zuen. "Santiagotik zuzenean heldu ginen, oso nekatuta, bezperan goizaldeko ordu txikitan bukatu genuelako", aitortzen du Garciak. Hala ere giro bikainak indarberrituta, nafarrek kontzertu labur bat eskaini zuten Centro Vascon.
[Habanako Aberri Eguneko jaiaren gonbidapenak euskaldunen eta kubatarren arteko senidetza islatzen zuen, kubatar artista batek eginiko irudi honekin (argazkia Erreniega)]
[Erreniega koraleko kideak, nekatuta baina onena emateko prest, Aberri Eguneko bazkarian egin zuten kontzertuan (argazkia Erreniega)]
"Gero denak animatu ginen eta azkenean jotak eta euskal kantak abesten bukatu genuen, denak elkarrekin. Hango euskaldun batzuk negarrez ikusi nituen, eta ni, oraindik ere, emozionatu egiten naiz une hauek gogoratzean", dio Erreniegako presidenteak.
[Jade talde kubatarrak Habanako Aberri Egunean parte hartu zuen (argazkia Erreniega)]
[Imuntzo eta Beloki (kasu honetan Eleuterio Jauregi 'Beloki' panderoan eta Xabier Arakama trikitijole) trikitilariak ere irlan ziren, Habanako euskaldunekin Aberri Eguna ospatzeko (argazkia Erreniega)]
Biharamunean taldeak Habanan kontzertua eskaini zuen, eta irlako euskaldun asko bildu ziren emanaldira. "'Erribera', 'Xalbadorren heriotza' eta Luis Marianoren euskal kantak abestu genituen, besteak beste. 'Agur jaunak'-ekin bukatu genuen eta oso zirraragarria izan zen", gehitzen du Garciak. Taldeak egin ohi duen bezala, emanaldian San Ferminetako zapi gorriak banatu zituzten entzuleen artean.
[Erreniega taldeak Habanan eman zuen kontzertuko une bat. Ikusleak zapi gorriz jantzi zituzten nafarrek, giroa berotze aldera (argazkia Erreniega)]
"Bidaiaren balioespena sekulakoa da. Maila pertsonalean, oraindik ere emozionatuta gaude. Jende zoragarria ezagutu dugu eta datorren urtean Santiagoko Abesbatzen Nazioarteko Jaialdian parte hartzera gonbidtu gaituzte. Eta San Ferminetan Habanara joateko eskatu digute ere. Ikusiko dugu. Momentuz, hurrengo bidaia Irlandara egingo dugu agian", aurreratzen du.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus