Etxepare Euskal Institutuak aste honetan abiatu du Johann Wolfgang Goethe Universität Frakfurteko unibertsitatean sortutako Eduardo Chillida Katedrako 2017ko programa, eta espazio publikoetako eskulturgintza izango du ardatz ("Politics of Sculpture in Public Space"). Nina Schallenberg eskultura arloko adituak gidatuko du aurtengo kurtsoa, urriaren 16tik otsailaren 27ra bitartean. Gainera, 2017ko hasieran lantegi bat ere antolatuko dute.
Frankfurt, Alemania. Etxepare Institutuak ohar batean jakinarazi duenez, kaleko eskultura oinarritzat hartuta, Chillidak Alemanian eta beste hainbat lekutako kaleetan dituen eskulturengan jarriko dute arreta bai unibertsitate graduko zein masterreko ikasleek. Lehenengoek “Eskultura Abstraktuaren Teoria” ("Theory of Abstract Sculpture") landuko dute, eta bigarrenek, aldiz, “Eskultura abstraktua espazio publikoan. Ukapenaren historia” ("Abstract Sculpture in Public Space. A History of Rejections").
Era berean, 2017ko urtarrilerako nazioarteko gonbidatuak bilduko dituen lantegia antolatzen ari dira Katedraren baitan, eta Städelschule Frankfurteko arte ederren akademiarekin elkarlanean. Gai bera izango du ardatz lantegiak. Izan ere, bat dator hamar urtero Munich hirian antolatzen den eta aurten izango den kaleko eskulturaren erakusketarekin.
Eduardo Chillida Katedra 2013 urtetik dago martxan. Oro har euskal arteari buruzko irakaskuntza espezializatua eta ikerketak sustatzea du helburu eta euskal eskultore handiaren inguruko eskolekin abiatu zen. Aurtengo irakaslea, Nina Schallenberg, eskultura moderno eta gerra-ostekoan aditua da, historialari zein komisario moduan. Egun, the Wilhelm Hack Museumeko bildumetako zuzendaria da.