euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Espainiako bikotea txapeldun Mar del Platan jokatutako Euskal Gizataldeen 2015eko Mus Txapelketan

2015/11/16

Txapelketaren astean hainbat txango egin zituzten muslariek eta euren laguntzaileek (argazkiak EE)
Txapelketaren astean hainbat txango egin zituzten muslariek eta euren laguntzaileek (argazkiak EE)

PUBLIZITATEA

Argentinako Mar del Plata hirian jokatu da aurten Nazioarteko Mus Txapelketa, bertako Denak Bat Euskal Etxea antolatzaile. Lehiaketaren 38. edizioan, hogeitalau muslarik hartu dute parte eta Andres Fernandez eta Norberto Rodriguez espainiarrek eurenganatu dute txapela. Anfitrioiek oso balantze ona egin dute eta nobedadeen artean ekitaldiaren zerbitzura ipinitako teknologia berrien erabilera azpimarra daiteke.

Mar del Plata, Argentina. Urriaren 31tik azaroaren 8ra luzatu da aurten Euskal Gizataldeen arteko Mus Txapelketa. Lehiaketa nagusian Argentina, Australia, Txile, Espainia, Euskadi, Frantzia, Mexiko, Uruguai, Estatu Batuak eta Venezuelako muslariek hartu zuten parte, guztira hamabi bikote.

Espainiako ordezkari Andres Fernandez eta Norberto Rodriguezek eurenganatu dute txapela. Bigarren lekua, ostera, Euskadiko Antonio Olazabal Rios eta Mikel Bea Jaurrietak osatutako bikotearentzat izan da. Herrialde anfitrioiko muslariek ez zuten zorte handia izan eta Argentina A bikoteak (Horacio Almada-Nestor Laborde) eta Argentina B bikoteak (Felipe Finger-Felipe Finger, aita-semea) zazpigarren eta hamaikagarren lekuekin, hurrenez hurren, konformatu behar izan dute.

Txapelketaren astean, lehiaketatik kanpoko beste norgehiagoka bat burutu zen Mar del Platan, antolakuntzako arduradun taldekoa den Martin Lahittettek EuskalKultura.com-i azaldu dionez. “Izan ere, jende ugari apuntatu zen txapelketa paralelora, guztira 36 bikote. Kasu bitxi bat ere izan dugu; bikote batek txapelketa paraleloan parte hartzeko propio bidaiatu baituen Euskaditik Madrilera, Madrildik Buenos Airesera eta Buenos Airestik Mar del Platara. Eta txapelketa bukatu bezain laster, Buenos Airesera itzuli zen”.

Aldaketak eta nobedadeak ere izan ditu Mar del Platako Euskal Gizataldeen Mus Txapelketak, gehienak teknologia berriei lotuak. “Partiden emaitzak, postuak eta fixture-a pantaila erraldoi batean ikusi ahal izan da online, Euskal Etxeko telebistetan eta telefonoetan; eta txapelketaren web-orria ere eguneratzen joan gara berriak izan ahala. Espero dugu hurrengo txapelketetan ere baliabide hauek eskura izatea”, azaldu du Lahittettek.

Datorren urteko mundiala non izango den, baina, ez da oraindik plazaratu. “Euskadin behar zuen baina Espainian izateko aukera ere badago –jakinarazi digu Mar del Platako Euskal Etxeko ordezkariak–; 2017koa berriz bai, konfirmatuta dago eta Estatu Batuetan izango da. Eta asmoa da beste herrialde berri batzuk ere gonbidatzea, Alemania kasu”.

Euskal Gizataldeen 2015eko Mus Txapelketari buruzko informazioa gehiago, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia