euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Espainiak irabazi ditu Rosarioko Nafar Etxean jokatu den 22 azpiko Munduko Pilota Txapelketako lau modalitateak

2008/10/21

Etxeko Selekzioa, Argentina (argazkia: solopaleta.com)
Etxeko Selekzioa, Argentina (argazkia: solopaleta.com)

PUBLIZITATEA

Espainia jaun eta jabe izan da Rosarioko Nafar Etxean bukatu berri den 22 urtez azpiko Munduko Pilota Txapelketako lau modalitateetan: eskuz banaka eta binaka, pala motza eta larruzko paletan. Orotara hamabi selekziok hartu dute parte Nazioarteko Pilota Federazioak, Argentinako Pilota Federazioak eta Rosarioko Nafar Etxeak antolatutako txapelketa honetan: Argentina, Txile, Bolivia, Ekuador, Estatu Batuak, Espainia, Frantzia, Mexiko, Peru, Dominikar Errepublika, Uruguai eta Venezuela izan dira, hain zuzen, parte hartzaileak. Txapelketarekin oso gustura azaldu dira antolatzaileak.

Rosario, Argentina. Espainiako selekzioa jaun ta jabe suertatu da Nazioarteko Pilota Federazioak, Argentinako Pilota Federazioak eta Rosarioko Nafar Etxeak antolatutako 22 urtez azpiko Munduko Pilota Txapelketan, zeuden lau modalitateetako bakoitzean: eskuz banaka eta binaka, pala motza eta larruzko paletan. Urriaren 11tik 19ra jokatu da Rosarioko Nafar Etxeak Rosario ondoko Funes herrian daukan 36 metro luze dituen frontoian. Ekimena Rosarioko Nafar Etxeak azken urteotan egin duen ekitaldi nagusienetakoa izan da eta bere amaieran oso gustura azaldu dira antolatzaileak.

Emaitzei dagokionez, dominak horrela banatu dira: eskuz banakakoan, eta hurrenez hurren David Merino (Espainia), David Rivas (Mexiko) eta Bixintxo Bilbao (Frantzia) geratu dira lehen hiru postuetan. Binakakoan berriz, Gorka Esteban eta Cecilio Valgañon-ek (Espainia) eraman dute txapela, bigarren postua Moustirats Ellande eta Antton Pebet-ek (Frantzia) bete dute eta hirugarren Orlando Diaz eta Carlos Guadalupe izan dira. Txapelketako arauen arabera, Euskal Herriko pilotariek Espainiako edo Frantziako selekzioekin jokatu behar zuten, Euskal Pilota Nazioarteko federazioak (FIPV) ez baitu euskal selekziorik onartzen.

Pala motzari dagokionez, Eduardo Plano eta Carlos Velasco (Espainia) izan dira garaile. Dan Necol eta Yannick Labourdique (Frantzia) bigarren izan dira eta hirugarren Gaston Inchausti eta Rodrigo Moyano (Argentina) izan dira. Larruzko paletan berriz, espainiar selekzioko Ander Landeta eta Daniel Ramos izan dira txapeldunak. Bigarren Dimitri Welmant eta Guillaume Morere (Frantzia), eta hirugarren Angel Jasso Rojas eta Carlos Guillen (Mexiko).

Lotura interesgarriak

solopaleta.com webgunea

Rosarioko Nafar Etxearen webgunea

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia