'Esnezalearen bira'ren ostean plaka desestali du Las Herasko Zazpirak Bat-ek 'Pato' argentinar kirol nazionalaren omenez
2016/11/29
Las Herasko Pato zelaian Zazpirak Bat Euskal Etxeak egindako omenaldia
PUBLIZITATEA
‘Esnezalearen Bira’ izenarekin Gral. Las Herasko Euskal Etxeak antolatzen duen auto klasiko lehiaketak amaiera ezberdina izan du aurten. Gidari irabazleei sariak banatu eta gero, Gral. Las Herasko Pato Zelaira bertaratu ziren lasterketaren antolatzaileak Argentinako Kirol Nazionala den Pato delakoaren omenez plaka bat desestaltzeko. Berri honekin batera gaur hasiko den Gral. Las Herasko Euskal Astearen programa jakinarazten dute Zazpirak Bat lasherastarretik.
General Las Heras, Argentina. ‘La Vuelta del Tambero’ (Esnezalearen Bira) auto klasiko lehiaketa bat da; joan den mendearen hasieran eskualdeko esnezaleek --gehienak euskaldunak-- Cañuelas eta Gral. Las Herasen herrien artean egiten zuten ibilbide bera jarraitzen duena, General Las Herasko Zazpiak Bat Euskal Etxea ekitaldiko antolatzaile.
Aurtengo ekitaldia azaroaren 20an izan zen eta lasterketa bukatuta, Euskal Etxearen aurrean aparkatu zituzten parte hartutako gidariek euren autoak instituzioak eskainitako bazkarian partze hartzeko. Bazkari hasieran, Cañuelasko Denak Bat-eko dantzariek ‘Aurreskua’ dantzatu zieten gidari eta agintariei, hauen artean Javier Osuna herriko alkatea zegoela, baita Graciela Camaño eta Carlos Selva diputatu nazionalak ere. Euskal Etxeko kideak arduratu ziren bazkari amaieran egin zen sari banaketaz.
Giro erruraleko tradizioak
Aurtengoan, baina, landa tradizioen aldeko atxikimenduak bultzaturik omenaldi berezia prestatu zuen Euskal Etxeak ‘Esnezalearen Biran’. Bazkaria bukatuta, Gral. Las Herasko Pato zelaira bertaratu zen erakundeko talde bat, bertan "Las Heras, Pato kirolaren hiriburu Nazionala" izeneko txapelketa jolasten ari zelako. Zazpirak Bateko kideek, euskal jatorrizko Raul Ithurburu eta Alejandro Yaven pato jokalari ohiekin, Argentinako kirol nazional honen omenezko plaka desestali zuten. Zeremonia hunkigarria izan zen eta txalo beroak jaso zituzten euskal kolektibitatearen ordezkariek publikoarengatik.
Kirol hau zertan datzan ez dakiten irakurleentzat, ikus bideo honetan Argentinako 2014ko Pato finala:
Euskal Astera-Urte Amaierako Festa
Gaur bertan hasiko da Gral. Las Herasko Euskal Etxeak urtero antolatzen duen Urte Amaierako Euskal Jaia. Herri kirolak dira festaren aktibitate nagusia eta igandeko bazkarian euskal musika eta dantzak ere egongo dira.
PROGRAMA
-Azaroaren 29a, asteartea, 18etan: Pilota Txapelketa, Los Robles Kultur eta Kirol Gunean. Modalitateak: 30 metroko pilotalekuan, gomazko pilotarekin
-Abenduaren 1a, osteguna, 21etan: Mus Txapelketa Euskal Etxearen egoitza den Sportsmen Klubean
-Abenduaren 3a, larunbata, goizeko 16:30etan: Plater Tiro Txapelketa Echegaray lantegiaren atzean. Euskal taberna zerbitzua egongo da
-Abenduaren 4a, igandea, goizeko 11etan: Herri kirolak: Aizkolari eta Trontzalari Txapelketak. Sokatira. Aktibitateak Euskal Etxearen aurrean egingo dira, Lozano kalean. Arratsaldeko ordu 2etan, Bazkaria: Euskal dantzak, zahatoa eta lehiaketen sari-banaketa.
Aktibitateei buruzko informazio gehiago eskatzeko edo parte hartzeko izena emateko, zazpirakbat.lh@gmail.com helbidera idatzi.