euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Esnatzen ari da San Pedroko Ongi Etorri Euskal Etxea eta parte hartzera deitzen ditu inguruko euskaldunak

2017/10/24

Monica Mindurry eta Cesar Arrondo San Pedroko Gizataldeen Jaialdian
Monica Mindurry eta Cesar Arrondo San Pedroko Gizataldeen Jaialdian

PUBLIZITATEA

Urte batzuk pasatu ditu Ongi Etorri Euskal Etxeak Gizataldeen Jaiaren deialdiari erantzun ezinik; aurten, ordea, eta erakundearen berpizteari ekiten ari zaizkion bitartean, euskal standa muntatu dute azkeneko partez Euskal Etxeko lagunek 2017ko edizioan. Gizataldeen Jaian, Cesar Arrondo irakasleak bat egin du sanpedrotarrekin eta Euskal Herriari buruzko hitzaldi baten emaile izan da. Berritzekotan ari den Euskal Etxeak deia zabaldu nahi die inguruko euskaldun eta euskal jatorrikoei ahaleginarekin bat egin eta partaide bilaka daitezen.

San Pedro, Argentina. Hiriko zazpi kolektibitate izan dira aurten San Pedroko Gizatalde Jaiko antolatzaile urriaren 14an eta 15ean, hurrenez hurren alemanak, italiarrak, espainiarrak, sirio-libanoarrak, mallorcarrak, paraguaitarrak eta euskaldunak. Aurreko edizioetan ez bezala, hiri erdigunera ekarri dute elkarretaratzea, Mitre kalean muntatuz euren agertoki eta standak, eta bertan bildu ziren herritarrak eta turistak, kolektibitateen ikuskizun eta gastronomia arloko proposamenek erakarrita.

Azken urteetan jarduerarik gabe egon ostean, aitzakia eta akuilu ederra ikusi zuten hiriburutik pare bat ordu iparmendebaldera dagoen hiri honetako euskal lagunek eta 2017ko Gizataldeen Jaialdiko partaide aktibo bilakatu dira. Elkarteko erreferente Monica Mindurryk EuskalKultura.com-i adirazi dionez, “standean gure liburutegiko liburu eta liburuxkak jarri genituen ikusgai; eta lekua euskal ikur tipikoekin apaindu genuen. Hurbiltzen zirenen galderak erantzun eta eskatzen zuten informazioa ematen genien –asko, abizenei buruz– eta beti egiten dugun bezala, euskara klaseak sustatu eta bultzatu ditugu". "Izan ere, azken urteotan oso ekintza gutxi izan baditugu ere, euskara klaseek beti jarraitu dute, San Nicolasetik etortzen zaigun Bego Tisera irakasleari esker”, azaldu du.

Gizataldeen hitzorduan eskainitako proposamenen artean, Cesar Arrondok Euskal Herriari eta euskal kulturari buruzko mintzaldia egon da. Standean ere aritu zen irakaslea galderak erantzuten eta zalantzak argitzen.

Hurrengo urratsak

Mugimendu gutxiko bolada batetik badatoz ere, berriro ere abiada hartzeko gogoa daukate sanpredrotarrek eta honakoa epe berriaren hasiera legez harttzen dute. urte bukatu arte, San Nicolaseko Euskal Astean hartuko dute parte, eta euskal etxeko kideak berriro bilduko dira plangintza bat egin eta egitarau berri bat antolatzeko asmoz. “Izaera juridikoa berritu behar dugu eta behin hori lotuta helburua da urtean zehar hiruzpalau ekintza antolatzea. Baina horretarako taldea ber osatu behar dugu” jakinarazi digu Mindurryk; “Beraz, aukera hau baliatu eta gonbitea luzatu nahi diegu San Pedro inguruko lagun guztiei, ahalegin berri bat egin eta partaide izan daitezen hasi nahi dugun bolada berrian, guztiak behar baitzaituztegu", adierazi du Ongi Etorri Euskal Etxeko eledunak. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia