euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eskuz aldatu da Idahoko Hailey-n Rialto Hotelaren eraikina, 1934an Julio eta Maria Astorquiak euskal ostatu izateko eraikia

2018/07/25

Julio eta Maria (Aspitarte) Astorquiak 1934an Haileyko Kale Nagusian eraikitako Rialto Hotela (arg. Blaine County Historical Museum)
Julio eta Maria (Aspitarte) Astorquiak 1934an Haileyko Kale Nagusian eraikitako Rialto Hotela (arg. Blaine County Historical Museum)

PUBLIZITATEA

Hailey, AEB. Estatu Batuetako Idaho estatuan, eskuz aldatu da Hailey herriko Hailey Hotela, kale nagusian kokatua eta Julio eta Maria (Aspitarte) Astorquiak euskal ostatu izan zedin eraikia 1934an Rialto Hotel izenarekin. Izan ere, adreilu gorrizko eraikina azken izen honekin dago AEBetako Leku Historikoen Erregistro Nazionalean, eta babestutako higiezina da, beraz. Ez da oraindik aditzera eman jabe berriek emango dioten erabilera. Hailey-ko kale nagusian dagoeneko CK jatetxea daukaten Chris eta Rebecca Kastner-ek erosi dute euskal ostatu izan zena.

Haileyko Zainketa Historiko Batzordeak eraikinean bertan ipinitako plakak adierazten duenez, Astorquiatarrek [1918an ezkonduak Haileyn] gogor aurreztutako dirua, euren izen ona eta mailegu batekin batera, Haileyko kale nagusian bi lursail erosteko erabili zuten, bertan ostatua eraikitzeko.

Julio Astorquia 1913an emigratua zen Euskal Herritik Estatu Batuetara eta artzain gisa egin zuen lan. Rialto Hotela kale nagusian euskal negozioa izateko eraikitako lehenengo eraikina izan zen Haileyn. Astorquiatarrek asmatu egin zuten euren negozioarekin, hotela arrakastatsua izan baitzen. Julio 1971an hil zen eta familiak 1973an saldu zuen Astorquiatarrek ia 40 urtez kudeatu ostean. Geroago, jabe berriek, 1980ean aldatu zioten izena eta Hailey Hotel ipini.

Astorquiatarren ostatuaren aurretik beste euskal ostatu batzuk ere zabaldu ziren Haileyn, horien artean Pete Mendiolarena eta Eusebio Arriaga-Pia Unamunorena [izan ere, Astorquiatarrek, Rialto Hotela eraiki aurretik segida hartu zieten zenbait urtez Arriaga-Unamunotarrei ostatu hura kudeatzen, handik Rialtorako jauzia emateko]. 1918tik aurrera Menchaca familiak ere beste bat gobernatu zuen River Street ondoan, kantxa batekin. 1936an beste euskal ostatu bat zabaldu zen Haileyn, David eta Maria Epifania Inchaustiren Gem Bar eta ostatua [Epifania Inchaustiren sukaldea berehala egin zen famatua eta gaur egun ere oinordeko du bere bilobak Gina Ansotegui Urquidik Idahoko Meridian-en 1999tik kudeatzen duen Epi's jatetxea].

Euskaldunek elkarrekin egiten zituzten festek, denborarekin urteroko bazkari handi bat eman zuten, gaur eguneraino festa moduan heldu dena, ardien transhumantziari lotua, "Trailing of the Sheep" jaialdi famatua emanez.

Hotel Rialto ondoko Mint Bar ere --jatorriz Pete Gesuragak zabaldua-- orain gutxi izan da saldua kale berean. Bruce Willis aktorearena izan da hainbat urtez, itxita bazegoen ere.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia