Comodoro Rivadavia, Argentina. Orain urtebete, hiriko Euskal Etxearen 96. urteurreneko programa barruan aurkeztu zuen Comodoro Rivadaviako euskal gizataldeak ‘CC16-Jon Villelabeitiaren artxiboa’ izeneko proiektua. Helburua, Patagonian zinema arloko aitzindari izan zen Jon Villelabeitia mungiarraren lana balioestea. Proiektuko arduradun, aurkezpenean parte hartu zuen Josu Martinez zinegile eta ikertzaile bilbotarrak. Bere bisitaren baitan, erbesteratu behar izan zuten euskal zinemagileei buruzko mintegia eskaini zuen martinezek Comodoron.
Urtebete pasa ostean, Martinezek egindako ikerlana irakurgai da dagoeneko sarean, Euskal Herriko Unibertsitateko ZER Komunikazio Ikasketen Aldizkarian. Martinezek azaltzen duenez, “artikuluaren xedea Jon Villelabeitiaren irudia eta lana kartografiatzea izan da bere izena, orain arte, ez baita agertzen euskal zinemari buruzko ikerketetan”. Artikulu osoa irakurri edota jaisteko, hemen.
Euskal patagoniar zinemagileari buruzko berria, erakunde gisa bete duen 97. urteurrenean jakinarazi du Comodoro Rivadaviako Euskal Etxeak. Programa barruan hainbat ekintza burutu ditu, tartean topaketa birtualak, irrati erromeri eta 'sukalkia' prestatu eta saltzea, guztia pandemia dela eta indarrean dauden neurriak zainduz.