euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eskualdunen Biltzarra Eskual Etxeak 150 lagunentzako Bizikleta Martxa antolatu du Bordeletik Bilbora

2014/04/09

Bordele-Bilbao 2014 Bizikleta Martxaren kartela
Bordele-Bilbao 2014 Bizikleta Martxaren kartela

PUBLIZITATEA

Bordeleko Eskual Etxeak bizikleta martxa bat antolatu du, Aquitaniako eta Euskal Herriko hiru txirrindulari elkarteekin lankidetzan: Bordeleko Stade Bordelais - ASPTT, Bera Bera (Donostia) eta Urgozo Iturriko Txirrindulari Elkartea (Bilbo). Martxa maiatzaren 8tik 10era bitartean egingo da, Bordelen hasi eta Bilboraino. Jarduerak kirola, kultura eta bi eskualdeen arteko harremana sustatzea du helburu. 150 txirrindularientzako lekua dago eta gutxieneko maila duten kirolarientzako irekia da, nahiz eta talde antolatzaileetako kide ez izan.

Bordele, Frantzia. Bordeleko Euskal Etxeak kirola eta kultura uztartzen dituen abentura antolatu du aurten: Bordele-Bilbo 2014 Bizikleta Martxa. Maiatzaren 8tik 10era izango da eta antolakuntzan, euskal etxearekin batera, beste lau elkarte aritu dira lanean: Stade Bordelais ASPTT, Bera Bera (Donostia) eta Urgozo Iturriko Txirrindulari Elkartea (Bilbo).

Antolatzaileen esanetan, "bizikleta martxa honen helburua zera da: ezagutzea bi eskualde atlantiko hauek eta bertako zelaiak, dunak, itsalabarrak eta mendi berdeak. Etapen arteko atsedenaldi eta gaualdietan musika eta animazioa izango dute txirrindulariek, euskal eta akitaniar kulturaren erakusgarri".

Etapak

Lasterketan 150 lagunek parte har dezakete. Plaza asko beteta daude jada elkarte antolatzaileetako kideekin, baina nahi duenak izena eman dezake, gutxieneko maila izanez gero.

Martxaren etapak honakoak izango dira:

- 1go etapa: Bordele–Léon, 150 km, +1000 m-ko malda. Honako herrietan barrena: Bordele, Talence, Villenave d’Ornon, Léognan, Saucats, Moustey, Pisos, Commensacq, Labouheyre, Escource, Mézos, Linxe, Léon.

-2. etapa: Léon–Donostia, 130 km, +1500 m-ko malda. Honako herrietatik igaroko da: Léon, Soorts-Hossegor, Capbreton, Bayona, Bassussarry, Ahetze, Donibane Lohizune, Hendaia, Irun, Hondarribi, Pasaia, Donostia.

-3. etapa: Donostia-Bilbo, 140 km, +2500 m-ko malda. Ibilbidea: Donostia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Gernika, Larrabetzu, Lezama, Bilbo.

Izen-ematea

Izen-ematearen prezioa 50 eurotakoa da; horren barne dira bideko ekipajea (plaka, txartela, roadbook-a), etapa barruko janaria, helmugako koktela eta oparia. Ostatua eta afariak, libre. Hala ere, nahi duenarentzako antolatzaileek honako proposamena egiten dute: 2 gau eta 2 gosari eta 2 afari 95 eurogatik. Izena-emateko, jarri harremanetan Bordeleko Eskual Etxearekin edo beste elkarte antolatzaileekin.

Bordele-Bilbo Bizikleta Martxak erakunde hauen sostengua du: Bordeleko Udala, Bilboko Udala,  Eurorégion Aquitania – Euskadi, EAE, V. Feltesse diputatua, Commensacq-eko Udala, Bassussarry-ko Udala, Ondarroako Udala, Frantziako Zikloturismo Federazioa, Bizkaiko Zikloturismo Federazioa, Gipuzkoako Zikloturismo Federazioa, Kutxabank eta Pampi & Mirentxu.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia