euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eskualdeko euskal etxeetako kideak lagun, Gral. Las Heraseko Zazpirak Bat-ek San Juan gaua ospatu zuen

2012/07/04

Euskaldunen kalejirak herriko kaleak alaitu zituen (argazkiaEE)
Euskaldunen kalejirak herriko kaleak alaitu zituen (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Aurrerapauso handia eman zuen iaz Buenos Aires probintziako Gral. Las Heras-eko Zazpirak Bat euskal etxeak. Izan ere, Luis Echegaray lehendakariaren eskutik, 2011ean hasi zen erakundea erregulartasun batez euskal jai jakin batzuk ospatzen, hala nola, Aberri Eguna, San Inazio edo San Juan, batzuk aipatzearren. Ekintzak komunitate osoari begira antolatzen dira eta herriko euskaldunek ez ezik, gertu dauden euskal etxeetako ordezkariek ere hartzen dute parte. Honen adibide, ekainaren 30ean burututako San Juan eta San Pedroren omenezko jaia. Larunbat arratsaldean, Cañuelas, Navarro, Marcos Paz eta Gral. Rodriguez-eko lagunek bat egin zuten Gral. Las Herasekoekin panpinaren erretzea ikusi eta afariaz gozatzeko.

General Las Heras, Argentina. Cañuelaseko euskal etxearen San Juan ospakizunean hasi ziren berotzen Gral. Las Heras-eko dantzariak. Gogora dezagun Zazpirak Bat-eko dantza taldeak, Cañuelasekoarekin batera, ikuskizun polita eskaini zuela joan den ekainaren 23an Denak Bat-ek antolatutako bere San Juan festan. Oraingoan, ordea, anfitrioien papera egokitu zitzaien Gral. Las Heraseko euskaldunei eta ondo baino hobeto burutu zituzten etxekoen eginkizunak.

San Juan gaua Gral Las Herasen 2012 01

[Dantzari guztiek luzitu zituzten euren jantzi eta koreografiak suaren inguruan (argazkiak EE)]

Iluntzeko 7:30ak aldera elkartu ziren lagun guztiak herriko Atlhetic Sportsmen Klubean. Hortik, eta kalejiran, trenbide geltoki eremura abiatu ziren, plaza nagusitik pasatuz, sorgin panpinari sua ematera. San Juan suaren inguruan, Zazpirak Bat-eko eta Cañuelaseko Denak Bat-eko dantzariek pieza batzuk eskaini zituzten suaren aurrean.

San Juan gaua Gral Las Herasen 2012 02

[Suaren inguruan euskal dantzak gaueko protagonistak izan ziren (argazkiaEE)]

Agertokiari, tren geltokiari dagokionez, Gral. Las Heraseko euskal etxetik jakinarazten dute trenbidearen eremua garrantzi handikoa dela euskal gizataldearentzat bertan biltzen baitziren historikoki esne-saltzaileak, gehienak euskal jatorrizkoak, esnea hirira bidaltzeko. Gaur egun, garai berri batean, euren ospakizunak egitera biltzen dira euskaldunak trenbide geltoki zaharrera eta hor, sorgina sutan lekuko, hainbat euskal dantza eskaini zituzten aurten ere adin guztietako dantzariek.

San Juan gaua Gral Las Herasen 2012 03

[Sua itzali zenean, jaiak Atlhetic Sportsmen Klubean segitu zuen; hor etxeko dantzariek izan zuten publikoa alaitzeko ardura (argazkiaEE)]

San Juan gaua Gral Las Herasen 2012 04

[Eta Gral. Las Herasekoek ez ezik, Cañuelaseko dantzariek ere hartu zuten agertokia euren koreografiak egiteko (argazkiaEE)]

Sua apaldu zenean, parte hartzaileak klubera itzuli ziren San Juan afarian parte hartze aldera. Zazpirak Bat euskal etxeko lehendakari Luis Echegaray-k esker oneko hitzak zuzendu zizkien gonbidatuei, tartean Cañuelas, Navarro, Marcos Paz eta Gral. Rodriguez-etik etorritako bisitariei, eta segidan Argentinako ereserkia abestu zen. Dilista gisatuak, zozketek, lagunen arteko elkarrizketek eta euskal dantzek osatu zuten gaueko egitaraua.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia