euskal diaspora eta kultura
2014/06/12
PUBLIZITATEA
Cañuelas, Argentina. FEVAko trebakuntza sailetako proiektuak aurrera doaz etengabe eta 2014 honetako lehenengo tailerrak Buenos Aires probintziako Cañuelas hirian burutu dira ekain honetako lehenengo asteburuan, hiriko Denak Bat euskal etxea eta federazio nazionala antolatzaile. Asteburu osoan zehar bost ikastaro trinko eskaini ziren aldi berean bi egoitzatan: euskal etxean eta SMATA instalazioetan, partaideak honako hiri eta euskal etxeetatik etorriak: Buenos Aires (Laurak Bat eta Iparraldeko Euskal Etxea), San Nicolas (Euzkal Etxea), José C. Paz (Toki Eder), Mar del Plata (Denak Bat), Tres Arroyos (Hiru Erreka), Maipú (Anaitasuna), Arrecifes (Euskaldunak Denak Bat), General Las Heras (Zazpirak Bat), Saladillo (Itxaropen), La Plata (Euzko Etxea) eta Cañuelasko anfitrioiak (Denak Bat), FEVAkoekin batera.
Honako arloak landu dira:
Musika Tailerra: Laurak Bat-eko Jose Gutierrez koordinatzaile, eta Ioar Oteiza pandero-jolea eta Euskaltzaleak-eko Iñaki Eskiroz albokaria laguntzaile, euskal musika eta ohiko instrumentuen aurkezpen orokorra eman zuen hitzaldi batek abiarazi zuen tailerra. Gero, taldeka, txistu, alboka, trikitixa eta panderoa jotzen irakatsi zuten monitoreek.
[Musika tailerreko ikasleak, panderoa eskuan, ‘hanka eta buru’ praktikatzen (argazkia FEVA)]
Dantza Tailerra: Bahia Blancako Union Vasca-ko Manuel Irastorza arduradun, saioetan euskal dantza tradizionalak --eta baita garaikideak ere-- landu ziren. Dantza ikas/irakasteko jolasak ere proposatu zituen monitoreak eta hiru dantza berri irakatsi.
[Dantza Tailerra teorikoa eta praktikoa izan zen (argazkia FEVA)]
Buruzagien trebakuntza: Ricardo Basterraren ardurapean, lau modulu garatu ziren. 1) Euskal Herriari buruzko sarrera orokorra. Euskal etxeak antolatzeko beharra eta legeztatzeko pausoak: batzarrak eta informazioaren kudeaketa (euskal etxeak eta FEVA). 2) Gaitasuna antzematea, taldeak nola sortu, kudeaketa-taldeak, motibazioa, gaitasunen erabilera. 3) Planifikazio estrategikoa, gauzapena, kudeaketaren kontrola. Akatsak antzematea. Plangintzak nola burutu. 4) FEVA: zer den, zein diren burutzen dituen proiektuak, euskal etxeekiko harremana, dirulaguntzak.
[FEVAko lehendakari ohi Ricardo Basterrak eman zuen Buruzagien trebakuntzari buruzko tailerra (argazkiaFEVA)]
Gastronomia Tailerra: San Nicolasko Euzkal Etxea-ko lehendakari Damian Cebey koordinatzaile, tailerrarekin batera Sukaldaritza Tailerreko partaideek asteburu osoko otorduak prestatu zituzten: larunbateko afarirako, txorizoa sagardo erara, baratxuri moussea, txipiroiak gurinarekin eta sagarrak sagardo erara. Igandeko bazkarirako, berriz, hegalabur moussea, odolki pintxoak, legatza saltsa berdean eta fruitu karamelodunak.
[San Nicolaseko sukaldarien taldea (argazkiaFEVA)]
Tailerren aktibitateak bukatutakoan, Cesar Arrondo irakasleak Euskal Herriko historia eta kulturari buruzko hitzaldia eskaini zuen tailer guztietako partaideentzat.
Antolatzaileek elkarretaratzearen oso balorazio ona egin dute eta gogorarazten dute hurrengo tailerrak, eskudealdeka, Cordobako Villa Marian (abuztuaren 9 eta 10ean) eta La Pampako Macachinen (irailaren 13 eta 14an) izango direla.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus