euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Esku Pilota eta Xare eskolak sortzeko proiektu bat bultzatuko du FEVAk Argentinako euskal etxeetan

2014/06/05

Argentinan iaz jokatu zen 'Copa del Rio - Balda' lehiaketaren irudia
Argentinan iaz jokatu zen 'Copa del Rio - Balda' lehiaketaren irudia

PUBLIZITATEA

Proiektua Chascomuseko Zingirako Euskaldunak eta Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxeetako pilota eskolen baitan sortu da eta helburu bikoitza du: Esku Pilota eta Xare modalitateak irakasteko eskolak sortzea euskal etxeetan eta, honi lotuta, kirolari esker, euskal kultura zabaltzea. FEVAko kirol sailak kudeatuko du proiektua eta aktibitate hau euren ekintzen eskaintzan sartu nahi duten euskal etxeei dago zuzenduta.

Buenos Aires, Argentina. Chascomuseko Zingirako Euskaldunak euskal etxeko Sebastian Errecart-ek eta Buenos Airesko Laurak Bat-eko Pablo Ubiernak honako argudioz defendatu dute euren proposamena: “Euskal Pilota euskal immigranteek utzi diguten ondare garrantzitsuenetako bat da; hemen asko zabaldu da eta herri edo auzo askotan daude pilotalekuak dituzten klubak. Euskal pilota modalitateen artean badaude bi gaur egun babes berezia behar dutenak. Horiek Esku Pilota eta Xare dira (…). Gure ustez, euskal kolektibitatea bera da bi kirol hauei bultzada eman behar diena, euskal jatorririk ez duten erakundeek ez baitute inola ere egingo. Bultzada eta babes horiek gainera bi emaitza emango lituzkete: kirolaren aldetik, pilotarien trebakuntza eta Argentina ordezkatzeko elite taldeak sortzea; eta, kulturaren aldetik, Euskal Herriko beste kultur adierazpen bat zabaltzea”.

Argudio hauekin, Errecart-ek eta Ubierna-k beste datu bat ere azpimarratzen dute: “egia da euskal etxe askotan egon direla nazioarteko lehiaketetan parte hartu eta irabazi duten hainbat pilotari; baina kasu horiek ez dira izan euskal etxeak garatutako proiektu baten emaitza, baizik eta pertsona baten lorpena. Are gehiago, kasu gehienetan pertsona horiek ez zuten izan zegozkien babesa ezta laguntza ekonomikoa. Eta jakina, haien esperientziak ‘galdu’ egin ziren eta ez ziren aprobetxatu pilotari berriak trebatzeko”.

Azaldutako egoera aldatzeko asmoz aurkeztu dute proiektua FEVAn Zingirako Euskaldunak eta Laurak Bat euskal etxeek. Federazioak maiatzaren 10eko bilkuran onartu zuen eta aste honetan jarri du martxan interesatuen datuen bilketa.

Zer, nori eta nola

Proposamena Esku Pilota eta Xare irakatsi nahi duten Argentinako euskal etxeei dago zuzenduta. Proiektuak hiru arduradun izango ditu, hiru mailatan bereiztuta: FEVAko kirol saileko ordezkariak (1. Maila); euskal etxeko pilota saileko ordezkaria –ordezkaria irakaslea bera izango da, bitartekoak saihesteko– (2. Maila); eta pilotariak (3. Maila).

Aktibitatea abian jartzeko euskal etxeak izan behar du: ordezkari bat, pilotaleku egoki bat (pilotalekurik izan ezean, herriko klubekin hitzarmenak egiteko informazioa jasoko du euskal etxeak); eta animoa, proiektua epe luzerako baita.

Hiru baldintza horiek betetzen dituen euskal etxeak, ‘lan talde’ baten laguntza izango du, proiektuaren lehenengo fasean. Fase honetan, trebakuntza eta materialak jasoko ditu euskal etxeak. Aipatu behar da materialak FEVAk eskuratu eta kudeatuko dituela.

Parte hartu nahi duten –edota informazio gehiago nahi duten– euskal etxeek FEVArekin kontaktatu behar dute feva2000@fibertel.com.ar helbidera edo Sebastian Errecart (serrecart@hotmail.com) edo Pablo Ubierna (pabloubierna@hotmail.com) proiektuaren egileekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia